Kolonbiak lurrikara gogor baten ondorioei aurre egiten deutsie, 130 hildako baino gehiago eta 500 zauritu baino gehiago eragin ostean. Kalte materialak be handiak izan dira, batez be, Cali eta inguruko eremuetan, eta balizko errepliken zain dagoz. Txente Rekondo nazinoarteko adituak azaldu dauenez, datozen orduetan biktimen kopuruak gora egin leike.
Hondamendia, ganera, Abelardo de la Espriellak presidentetzea hartu barri dauen unean heldu da. Gustavo Petroren gobernu progresistaren ostean, De la Espriellaren garaipenak herrialdea eskumara eroan dau. Rekondoren arabera, gobernu barriak segurtasunean eta ekonomian norabide aldaketea ekarriko dau, baita Petroren bake-politikarekiko hausturea be. Militarizazino handiagoa eta talde armauekaz zabaldutako bake-prozesuen etorkizuna dira etapa barriaren gakoetako batzuk.
Europan, barriz, migrazino-politikak gero eta gehiago dagoz mugen kontrolean oinarrituta, eta Marokorekiko hartu-emonetan migrazinoa presino diplomatikorako tresna bihurtu dala nabarmendu dau Rekondok. Europar Batasunak mugen kontrola hirugarren herrialdeen esku ixteko daukan joerea be azpimarratu dau.
Nazinoarteko beste foku batzuetan be tentsinoa da nagusi. Gazan, Donald Trumpek aurkeztutako proposamenak zalantzak sortu dauz; Kuban, AEBen presino ekonomikoa handitzen ari da; eta Sahelen, Mali, Burkina Faso eta Niger lako herrialdeen Mendebaldearekiko urruntzea gero eta nabarmenagoa da.
