50 pertsona baino gehiago geratu dira itxaron-zerrendan

Aurten 350 lagunek hartuko dabe parte zazpi ontzi ofizialetan; igaz baino ontzi bi gehiago izango dira

Begoñako Amatxuren VI. Itsas prozesinoa bariku arratsaldean, Santurtzitik Bilbora

Begoñako Amatxuren itsas prozesinoa egingo dabe barriro abuztuaren 14an, Santurtzitik Bilbora. Aurten 350 lagunek hartuko dabe parte zazpi ontzi ofizialetan, igaz baino ontzi bi gehiagok. Ganera, traineru batek Amatxuren irudia lagunduko dau itsasadarrean zehar. Ekimenak gero eta parte-hartze handiagoa dauka. Hirugarren urtez jarraian plaza guztiak agortu dira eta 50 lagun baino gehiago geratu dira itxaron-zerrendan. Begoñako Anaidiko Jose Andres Etxebarriak nabarmendu dauenez, prozesinoak indar handia hartu dau azken urteotan.

Aurtengo prozesinoa arratsaldez egingo da, itsasaldiaren baldintzetara egokitzeko. Ekitaldiak Santurtziko San Jorge parrokian hasiko dira 16:30ean, eta handik Begoñako Amatxuren irudia prozesinoan eroango dabe porturaino. Ondoren, ontziak Santurtzitik abiatu eta itsasadarrean gora egingo dabe Bilboraino. Bilbora heldutakoan, Amatxuren irudia lehorreratu eta prozesinoak Santiago katedraleraino jarraituko dau. Etxebarriak azaldu dauenez, antolakuntzeak lan handia eskatzen dau, Santurtziko eta Bilboko ekitaldiak, ontziak eta baimenak koordinadu behar diralako, baina Begoñako Anaidiaren helburu nagusia Begoñako Amatxurenganako debozinoa sustatzea dala azpimarratu dau.

Aurten be alkartasunak protagonismo berezia izango dau. Begoñako Anaidiak oso-osorik entregauko dauz abuztuaren 14ko eta 15eko ospakizunetan jasotako dohantzak, Venezuelako lurrikarak kaltetutako pertsonei laguntzeko. Laguntzea, Caritas Bizkaiaren bitartez zabalduko da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00