1973. urtean Lea-Artibai eskualdeko ekintzaile talde batek EIKA kooperatibea sortu eban. Nekazaritza eta arrantza nagusi ziran eskualde baten, industriaren aldeko apostuari heldu eutsen, emakumeen lanagaz eta euskaraz. Sukaldeetarako plaka elektrikoak eta labeetarako berotze sistemak ekoizten hasi ziran. Gerora, bitrozeramikarako foku erradiatzaileak produziduten hasi ziran, eta gaur egun hori da Etxebarriko kooperatiba honen produktu izarra. Baina ez bakarra. Iñigo Arrieta kooperatibako presidenteak esan deuskunez, “poliki-poliki joan gara soluzino desbardinak eskaintzen merkaduan, gure bezeroen beharrak betetzeko”. Esaterako, 2010ean Isloleika sortu eben, panel isolatzaileetarako kooperatibea.
Herriz Herri saioan egon gara berbetan Iñigo Arrietagaz. EIKA kooperatibearen ibilbidea errepasau dogu. Urtean zehar hainbat ekintza antolatu dabez 50. urteurrena ospatzeko: Women Itzuliko lehenengo etapea EIKAko lantegitik urten zan, mahai ingurua, ate irekien jardunaldia… Ekitaldi nagusia, baina, abenduaren 22an izango da Markina-Xemeingo kiroldegian. 1973ko abenduaren 22an sinatu zan EIKA kooperatibea eratzeko aktea.
Gaur egun 420 behargin dabilz lanean Etxebarriko lantegian, erdiak emakumeak. EIKA kooperatibeak Turkian eta Mexikon be lantegiak daukaz.