Elhuyarrek sei berba-jolas jarri ditu martxan jolasen bidez euskerea aberasteko. Berbakaz jolasteak euren hiztegia osotzeko eta berben inguruko informazino osogarria izateko aukerea emongo deutse erabiltzaileei, Klara Ceberio, Elhuyarren Hiztegiko arduradunak esan deuskunez. Berba-jolasak Elhuyar Hiztegiaren webgunean txertatu dira. Jolasak mota askotako erabiltzaileei zuzenduta dagoz: egunerokoan euskeraz aritzen diranei, ikasle, irakasle eta profesionalei, euskerea ikasten ari diranei zein, besterik gabe, berbakaz jolastea gustuko dabenei.
Jolas honeek dagoz aukeran: Hitz-katea, Anagrama, Urkatua, Hitzak konektatu, Asmatu hitza eta Hitza ezabatu. Jolas bakotxean modu librean edo lehiaketa-moduan aritzeko aukerea izango da. Horreetako batzuetan, ganera, bersino erraza edo gatxa aukeratu ahal izango da. Asmatu beharreko berba guztiak Elhuyar Hiztegian dagoz. Ganera, gura daben erabiltzaileek izena emon eta sailkapenean parte hartu ahal izango dabe, beste jokalariekaz lehiatzeko. Horretaz gain, Gaurko jolasa izeneko aukera bat be egongo da: egunero, sei jolasetako bat egongo da erabilgarri, eta parte-hartzaile guztiek baldintza beretan jolastu ahal izango dabe, ahalik eta emaitzarik onena lortzeko.
