Astebete inguru daroe klima aldaketagaz zerikusia dauken gaiak aztertzen, erronkak aurreikusten eta neurriak zehazten

COP31 goi-bilera egiten dabilz Turkiako Antalya urian zemendiaren 9tik 20ra

Elisa Sainz de Murieta: “Goi-bilera grisa izaten dabil”

Elisa Sainz de Murieta, BC3ko eta EHUko ikertzailea / Bizkaia Irratia

COP31 goi-bilera egiten dabilz Turkiako Antalya urian zemendiaren 9tik 20ra. Beraz, astebete inguru daroe klima aldaketagaz zerikusia dauken gaiak aztertzen, erronkak aurreikusten eta neurriak zehazten. Gauzak zelan doazen jakin gura izan dogu eta horretarako Bizkaia Irratira konbidau dogu BC3ko, Klima Aldaketaren Ikerketarako Zentroko, eta EHUko ikertzailea dan Elisa Sainz de Murieta. Esan deuskunez, bideorria argi dago: “2015ean onartutako Parisko Hitzarmena da geure bideorria. Egia da emondako aurrerapausoak ez dirala behar bestekoak izan, baina oso gatxa da. Izan be, erregai fosilek pisu handia dauke herrialde batzuen ekonomian eta akordioetara heltzea ez da erraza”.

COP31 honen helburu nagusiak erregai fosilen erabilerea alde batera uztea, energia barriztagarriak sustatzea, klima larrialdirako finantziazinoa handitzea eta tenperaturearen igoerea gradu eta erdira mugatzea dira, besteak beste: “Goi-bilera grisa izaten dabil. Halanda be, elementu batzuk dagoz azpimarratzeko, elektrifikazinoaren edo finantziazinoaren inguruan”. Ganera, aurton arreta berezia ipiniko da uraren eta ozeanoen erresilientzian, ekonomia zirkularrean, zero-zabor estrategian eta elikadura-segurtasunean.

Honakoetan herri batzuk beste batzuk baino prestuago egoten dira konpromiso zehatzak hartzeko. Esaterako, Ameriketako Estatu Batuak ez ziran aurreko biltzarrean egon eta aurton be ez dagoz: “Ameriketako Estatu Batuen faltak garrantzia dauka. Batetik, isurtzaile handienetarikoa diralako. Bestetik, ekarpen finantziario garrantzitsuak egin izan dabezalako. Dana dala, gainontzeko herrialdeek aurrera jarraitzen dogu. Danok erantzun behar deutsagu klima aldaketaren arazoari“. Tokian tokitik be badago zeregina. Eusko Jaurlaritzak elektrifikazinoan ipini dau fokua: “Erregai fosilak daukagun klima aldaketa sortzen dabilz. Beraz, pixkanaka-pixkanaka geure ekonomietatik desagertzen joan behar dira. Horretarako, ordezko bat behar dogu eta bide honetan elektrifikazinoak rol handia dauka”.

Bitartean, BC3k Maria Jose Sanz buru daukan ordezkaritza dauka COP31n. Bertan trantsizino klimatikorako funtsezko gaiak landuko ditue; besteak beste, gizarte-desbardintasunak murrizten dituan deskarbonizazinoa eta krisi klimatikoaren aurkako babes finantzario publiko-pribadua. Era berean, azaroaren 17an, zentroak ARIES plataformari balioa emongo deutso. Plataforma hori BC3n garatzen da, eta sektore pribaduko eragileei eta administrazino publikoei aukerea emoten deutse balio ekosistemikoa balantze ekonomiko korporatiboetan sartzeko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00