Aitor Elordik eta Beñat Rezustak Getariako frontoian jokatuko dabe eskuz binakako txapelketaren hamargarren jardinaldiko partidua Ezkurdia eta Tolosaren aurka. Mallabiko aurrelariak eta Bergarako atzelariak galdu egin eben pasa dan domekan Altuna eta Martijaren aurka Eibarko Astelena frontoian. Halandabe, Elordik eta Rezustak oso maila ona emon eben eta galtzaile izan arren, partidu horretan emondako maila ona lagungarri izan da aurrelari bizkaitarrarentzat aurreko jardunaldietan izandako sentsazino txarrak uxatzeko balio izan deutsolako.
Zortzi jardunaldi jokatuta, lau garaipen lortu ditue Elordik eta Rezustak. Mallabiarrak balorazino ona egin dau orain arte egindakoaz. Sailkapeneko lehenengo postu bietan sailkatzea oso gatx dagoala onartuta, hurrengo postu bietan sartzea da helburua txapelketearen lehenengo fasea amaitzeko geratzen diran sei jardunaldietan.
Ezkurdia eta Tolosaren aurka jokatuko dabe barikuan Getariako frontoian bosgarren garaipena eskuratzeko asmoagaz. Edozelan be, Aitor Elordik garbi dino euren onena emon beharko dabela aurkariak menderatzeko. Ezkurdia eta Tolosa sailapeneko azken postuan dagoz garaipen bi lortuta, Elordik eta Rezustak baino bi gitxiago. Azken honeek irabaziko balebe, bikote bien arteko aldea hiru puntokoa izango litzateke bost jardunaldiren faltan. Aurrelari nafarra eta atzelari gipuzkoarra nagusitu ezkero, ostera, bien arteko aldea asko murriztuko litzateke. Beraz urrearen balioko puntua egongo da jokoan barikuan Getarian.