Bakea eta Duintasuna GKEk hainbat proiektu daukaz Palestinan, horreetariko bat Gaza iparraldeko ospitale baten. “Pasa dan astean jaso eben ospitala hustuteko agindua, ospitale hori israeldarrek inguratuta daukie orain eta osasun-langileek esan dabe pazienteak ez dabezala bakarrik itziko. Eritetxearen kanpoan frankotiradoreak dagoz. Egoerea ez da bapebe ona” salatu dau Eneko Callek (Bakea eta Duintasuna GKE) gaur Goizeko Izarretan irratsaioan.
“Netanyahuk hilabete baten Gaza osoa kontrolatuko ebala uste eban eta urriaren 7tik hona ez dau holakorik lortu. Era berean ez dau gatibuak askatzea lortu. Bahitutakoen familiak hasarre kalean dabilz protestan ” azaldu dau Eneko Callek. Su-eten baten beharrizanaz be berba egin deusku Palestinan makina bat aldiz egon dan kooperante bizkaitarrak. “Su-etenak egon behar dau, palestinarrek euren lurran egoteko eskubidea dabe eta su-etena gertatzen bada hori palestinarren garaipen bat izango da” gaineratu dau Callek.
Norvegiak, Irlandak eta Espainiak martitzenean Palestina estadu lez onartuko dabe. Calleren eretxian sinbolikoki keinu da eta palestinarrei zentzu horretan oxigenoa emoten jake. 1993an Osloko akorduak sinatu ziranean etorkizuneko estadu palestinarraren administrazino moduko bat sortzen saiatu zala azaldu deusku Callek, Palestinako Agintaritza Nazionala. Halan da be gaur egun PANek lurraldearen %10ean baino ez dauela kontroletan zehaztu dau. Nazinoarteko Justizia Auzitegiak eta Nazinoarteko Zigor Korteak Gazan gertatzen dabilen sarraskia eteteko daukien aukerei buruz be analisia egin deusku Callek.