EHUko Ingenieritza Fakultadeko irakasleak, Koldo Martinek, energia aurrezteko makina bat aholku emon deuskuz

Euskadin sortutako 45 energia komunidade ingurutan 5.200 pertsona batu eta 17 megawatt ekoiztu dabez

“Energia komunidadeetako energiaren soberakina trukatu ahal da eta hilabeteko fakturan aurreztu”

Koldobika Martin Escudero (EHUko Ingenieritza Eskolako irakaslea) / Bizkaia Irratia

Euskadin gaur egun 45 energia-komunidade dagoz, udalak, herritarrak eta kasu batzutan be enpresak inplikau dira horretan. Guztira 5.200 pertsona dagoeneko eta guztira 17 megawatt instalauta. Bizkaian Gernikan, Lea-Artibain, Zierbenan, Muskizen, Barakaldon, Bilbon, Elorrion, Otxandion, Balmasedan, Ean eta Ziotza Bolibarren energia kooperatibak sortu dira. Eredu hau gertuagotik ezagutzeko Koldo Martin Escudero eduki dogu gaur Goizeko Izarretan saioan. EHUn Ingenieritza Doktorea da baita ENEDI ikerketa taldeko kidea be.

Energia kooperatiben errentagarritasuna azpimarratzeagaz batera udalerri batzuk subiranotasun energetikoa edukiteko balekoak dirala zehaztu deusku Koldo Martinek. Sortutako energia behar bestekoa baino gehiago danetan soberakin hori trukatu eta hurrengo hilabeteko fakturan aurreztu ahal dala azaldu dau.

Eraikinen eraginkortasun energetikoaz galdetuta EHUko irakasleak dino gaur egun eregiten diran etxebizitza barriak legez isolamendu termiko zorrotza eduki behar dabela. Martinen eretxian etxebizitzetan energia aurrezteko beren beregi  ur beroaren eta kalefazinoaren erabilereari erreparatu behar jako. Gai honetan aholku bat baino gehiago emon deusku eta bero ponpen mesedeei buruz be berba egin deusku.

Koldo Martin Erasmus Mundus programako master bateko irakaslea be badazara. Erresuma Batuko, Belgikako eta Greziako unibersidade banagaz alkalanean “Smart Citties and Communities” masterrean irakasle dabil EHU ordezkatzen. Etorkizunean urien helburua metropolian kontsumiduko dan energia urietan bertan ekoiztea dala azaldu deusku Martinek.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular