Alkarte barriak musika eskubideen kudeaketa eredua barritzeko nahia agertu dau

Iparraldeko hainbat musikari, festibal antolatzaile, ostalari eta eragileak batu dira, tokiko sorkuntza babestu eta balioan jartzeko

Ereinez alkartea, euskal artisten eskubideen alde

Ereinez alkartearen aurkezpena Urruñako Xaia ostatuan / Bizkaia Irratia

Musika eskubideen egungo kudeaketa kolokan jarri eta Euskal Herriko musikari balioa emotea dauka helburu eratu barri dan Ereinez alkarteak. Iparraldeko artista, ostalari, festibal antolatzaile eta bestelako eragileak sortu dabe alkartea, tokiko sorkuntza babestu eta musika eskubideen kudeaketan eredu bidezkoago baten alde egiteko. Mattin Laaksonek Bizkaia Irratian azaldu dauanez, alkartea sortzeko arrazoi nagusietako bat, egile eskubideen egungo sitemarekiko kezka izan da. Bere esanetan, kudeaketa zentralizatuegia da, eta askotan ez dau gardentasunik izaten.

Testuinguru horretan kokatzen da Urruñako Xaia ostatuak egile eskubideengatik jasotako isuna. Sacem Frantziako Musikagileen eta Editoreen Alkargoak 9.300 euroko isuna jarri eutsan ostatuari igazko udan, musika jartzeagaitik jagokon diru kopurua ez ordaintzeagaitik. Gertakari horrek piztu eban hainbat eragileren kezka, eta neurri baten, Ereinez sortzeko bultzada be izan zan. Halanda be, Laaksonek azpimarratu dau alkartea ez dala kasu konkretu bati erantzuteko sortu. “Xaia kasuak piztu gaitu, baina gure helburua zabalagoa da: tokiko artista guztien egoerea hobetzea”, gaineratu dau Laaksonek.

Alkartearen ustez, gaur egungo sistemak ez dauz behar bezala ezagutzen ez tokiko sortzaileak, ezta euskal kulturaren berezitasunak be. Horren aurrean, Ereinez alkarteak informazinoa bildu eta partekatzeko lana egin gura dau, bai artistakaz, bai antolatzaileakaz. Helburua da gardentasuna handitzea eta fakturen atzean dagoan logika argitzea. Ereinezek bitartekari lana egin gura dau etorkizunean, sektoreko eragileen eta egile eskubideen kudeatzaileen artean. Momentuz, hastapenetan dagoan egitasmoa da, baina dagoeneko hainbat eragileren babesa jaso dau. Artistak, taldeak, festibalak eta bestelako kultur eragileak batu dira proiektura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00