Euskal Herriko Unibertsidadeko Basque Sustainable Pharmacy & Biotherapy taldeak ekimen batzuk proposatu dauz sendagaiek ingurumenean daukien presentzia murrizteko, eta holan, giza osasunean daukien eragina arintzeko. Farmakoen presentzia gero eta handiagoa da uretan, lurzoruan eta ekosistemetan, eta horrek ondorioak eragiten dauz, bai naturan bai giza osasunean. Vladimir Akhrimenko eta Jon Zarate taldeko ikertzaileek Lau Haizetara irratsaioan adierazo dabenez, arazoa ez da etorkizunekoa, gaur egungoa baino. Adibide esanguratsu lez, ikertzaileek antisorgailuen kasua aitatu dabe. Substantzia horreek ur zikinetara iristen dira eta araztegietatik igaro arren, gaur egungo sistemak ez dagoz prestauta mikrokutsatzaile horreek guztiz ezabatzeko. Ondorioz, ingurune naturalera heltzen dira eta fauna espezieetan eragina izan leikie.
Arazo global horri aurre egiteko, Akhrimenko eta Zarate ikertzaileek One Health kontzeptua defendatzen dabe. Hau da, gizakien, animalien eta ingurumenaren osasuna lotuta ulertzea. Euren ustez, ezinbestekoa da ikuspegi integrala eta sektore guztien inplikazinoa: osasun arloa, industria farmazeutikoa eta herritarrak. Herritarren papera nabarmendu dabe EHUko ikertzaile biek. Sendagaien erabilera arduratsua sustatzea eta benetan beharrezkoak diranean bakarrik kontsumitzea. Ildo horretan, farmazietan dagozan SIGRE puntuak erabiltzea funtsezkoa da euren esanetan. Sistema horri esker, soberan geratutako edo iraungitako sendagaiak modu egokian kideatu daitekez, ingurumenera iristea saihestuz.
Azkenik, Europan emoten dabilzan pausuak positibotzat jo dabez, Europar Batasuna farmakoen presentzia arautzen hasi dalako uraren kalidadearen esparruan. Halanda be, adituen arabera, hondinokarren bide luzea dago egiteko.
