Carlos Alzaga Azpiegituretarako eta Lurralde Garapen saileko foru diputadua Bizkaia Irratian izan da gaur. Bere eskutik, hainbat gai jorratu doguz, bide-sarearen kalidadearena tartean. Izan be, bide-sarearen kalidadeari buruzko pertzepzinoa ona da bizkaitarrentzat. Errepide sareak 7,74ko oso ondo notea atera dau egin daben inkestan, eta batez be, inbertiduteko ahalegina eta mantenimendu-lanen kalidadea hartu da aintzat. Alzaga pozik agertu jaku, baina hobetzeko tartea dagoala uste dau: “Erronka moduan hartzen dogu. Oso pozik gagoz, baina hobetzeko tartea dago, zoladuran batez be”. Guztira, 140 milioi euroko inbertsinoa egiten dabe urtero mantenimenduan.
Proiektu batzuk be balorazino ona jaso dabe, itsasadarraren azpiko tunelak esaterako. 10etik 7,45eko notea lortu dau eta bereziki ona izan da Ezkerraldean. Obra honek 560 milioi euroko aurrekontua dau eta, Alzagaren esanetan, “ez dau arazorik sortuko”. Izan be, proiektuak aurkariak be badaukaz. Asteon Eusko Legebiltzarrean aurkeztu dau kexa kontra dagoan plataformeak: isuriak handituko dirala, Artaza parkea suntsituko dala, milaka ikasle eta herritarri kalteak eragingo deutsiezala eta kotxe ilarak ez dirala amaituko. Alzagak euren jarrera errespetatzen dau, baina ez dago ados.
Obra handiez gain, eskualde eta herri txikiagoetakoak be aitatu deuskuz diputaduak. Esate baterako, Berriatuan eta Gamiz-Fikan segurtasunagaz ardura handia dabe eta dagoeneko neurri batzuk be hartu izan dira, biribilguneak eregita: “Egunero egiten doguz obrak Bizkaian, Karrantza Haranatik Ondarroara”. Aulestin be kezka handia dago Markinarako bideagaz: oso estua da, trafiko handia dago, harrobiko kamioiak be pasetan dira, eskolako autobusa, etab. Auzokideak neurriak eskatuz dabilz, bide arriskutsua dala eta.
Bidegorria
Bitartean, bidegorri sarea zabalduz doa Bizkaian zehar. Bidegorri sare osoa amaituta dagoanean, 365 kilometroko azpiegitura eukiko dau lurraldeak. Momentu honetan, erdia eregita dago edo eregita egotetik gertu eta aurton 50 bat milioi euroko inbertsinoa egingo dabe: “Diru asko inbertitzen dogu bidegorrietan”.
