Final ederra jokatu eben Ezkurdi Jai Alain Maite Ortiz de Mendibil eta Maialen Aldazabalen aurka

Aritz Erkiagak irabazi eban buruz buruko txapela, finalean Xabier Barandika menderatuta 15-13 eta 15-12

Erika Mugartegi eta Arai Lejardi txapeldun Durangon

Lau pilotariek goi mailako ikuskizuna eskeini eben astelehenean Durangoko Ezkurdin / Eraman Jai Alai

Erika Mugartegi eta Arai Lejardik irabazi dabe Durangoko Winter Series torneoko finala Maite Ortiz de Mendibil eta Maialen Aldazabal menderatuta, 15-14 eta 15-13. Final borrokatua izan zan, markagailuak erakusten dauen moduan. Ganera, lau pelotariek goi mailako ikuskizuna eskeini eutsien Durangoko Ezkurdi Jai Alai frontoiko harmailak bete ebezan zaleei. Ortiz de Mendibil eta Aldazabal markagailuan aurretik heldu ziran atsedenaldira. Partiduaren bigarren zatian, ostera, Markinako bikoteak irauli egin eban markagailua lehen set-a eskuratzeko. Bigarrengoan, gauzak ez ziran aldatu. Borroka gogorra tantu guztietan, hamalaunako bardinketara heldu arte. Azken tantoa urdinek eskuratu eben eta eurentzat izan ziran txapelak. Goi mailako ikuskizuna, ezelango zalantza barik.

Gizonezkoen buruz buruko finalari jagokonez, Aritz Erkiaga eta Xabier Barandika izan ziran aurrez aurre, finalaurrekoetan Imanol Lopez eta Johan Del Río kanporatu ostean. 9-1 aurreratu zan Ispasterreko pelotaria lehengo set-ean baina Barandikak ez eban amore emon eta 10-8 eta 11-10 hurreratu zan markagailuan. Set-a baina, Aritz Erkiagak irabazi eban 15-13. Gernikako aurrelariak indartsu ekin eutson bigarren jokoari, garaipena eskuratu eta desenpatea jokatzeko asmoagaz. 7-2 aurreratu zan Barandika baina Erkiagak partidua bardintzea lortu eban, zortzina hain zuzen be. Hamarna eta hamaikana bardindu ostean, Ispastertarrak bigarren set-a irabazi (15-14) eta txapela jantzi eban. Xabi Barandikak final bi jokatu dauz aurten eta galdu egin ditu biak, Beaskoetxea-Lopezen aurka Gernikan -tanto bategaitik- eta Erkiagaren aurka Durangon. Halanda be, jokatu dituen torneo bietako finalak jokatzeko sailkatu da.

Kontuak kontu, goi mailako partidu bi ikusteko aukerea euki eben astelehenean Ezkurdin batu ziran pelotazaleek.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular