Amorebieta futbol taldeak etapa barri bateri ekin deutso gaur. Zornotzako futbol taldeko arduradunek entrenatzailea aldatzea erabagi dabe lehen hemeretzi jardunaldietan lortutako emaitzak uste eta nahi baino makalagoak izan diralako. Haritz Mujika eta bere laguntzaileen lana eskertu dabe Jon Larrea, Amorebietako presidenteak eta Asier Goiria, kirol zuzendariak, Alejandro Castro entrenatzaile barriaren aurkezpen ekitaldian.
Asier Goiriak aukeratu dau Mujikaren ordezkoa. Kirol zuzendariak ondo ezagutzen dau Jandro Castro, beragaz batera jokatu eban-eta Girona taldean. Hirugarren mailako Vila-real C taldea zuzentzen ibili da Castro, Amorebietaren deia jaso dauen arte. Esan beharrik ez dago, jauzia handia emongo dauela. Halanda be, Jandro Castrok adierazo dau ez daukala ezelango bertigorik edota ikararik. Taldea ezagutzen dau, jokatzen ikusi dauelako denporaldi honetan eta garbi dauka Amorebieta bizirik dagoala.
Asier Goiriaren iritziz bigarren mailan esperientziarik ez izatea ez da kontu barria Amorebietan. Izan be, Castroren aurretik Urritxeko aulkian egon diran Haritz Mujika eta Iñigo Velez de Mendizabal be debutariak izan ziran taldea bigarren mailan zuzendu ebenean. Goiriak garbi dauka Jandro dala entrenatzaile egokia Amorebieta dagoan egoeratik atarateko. Liga txapelketako hemeretzi jardunaldi jokatu ostean, Zornotzako taldea sailkapeneko azken aurreko postuetan dago hamalau puntugaz, Alcorcon, azken sailkatuagaz bardinduta.