24 erakusketa izango dira hamazazpigarren jaialdian

Bagilaren 1etik 25ra bitartean egingo da aurten

Etena egiteko deia Getxophototik

Getxophoto / Bizkaia Irratia

Etena egiteko gonbitea luzatu dabe Getxophoto ekimeneko antolatzaileek. Bagilaren 1etik 25era bitartean egingo da aurtengo jaialdia.Hamazazpigarren Getxophoto izango da aurtengoa. 24 erakusketa guztira eta berrehun argazki inguru ikusgai. Jokin Aspuru zuzendariak azpimarratu dauanez nazinoarteko egileenak eta baita euskal egileenak be.

Komisario barria

Nobedadeen artean esan behar, komisario barria daukala aurten Getxophotok, Maria Ptqk bilbotarra. Ikerketa artistikoen doktorea da EHUn, zuzenbidean lizentziatu zan eta zientzia ekonomikoetan graduatu ere. Artearen, teknozientziaren eta feminismoen arteko alkargunean egiten dau lan. Consonni argitaletxeko aholkularitza taldeko kidea be bada. “Etena!” leloa edo gaia aukeratu dau berak, atseden hartu eta hausnartzera deituz. 22 artisten lanak erakutsiko dira Getxon 24 erakusketatan. Gehienak aire zabalean. Azpimarratzekoa Ereagako hondartza aurrean jarriko dabena. Mitsutoshi Hanaga argazkilari japoniarra zanaren lana jarriko dabe bertan, Europan inoiz ikusi bakoa. Esan behar, Ereagako igogailuan Stephen Gill artista britaniarraren instalazinoa be jarriko dala. Bestalde, Getxophotok, 50 urte beteko leukezan eta itxita dagoan Gwendolyne diskotekeari egingo deutso omenaldia. Gwendo izenagaz ezagutzen zan eta zuzeneko musikaren erreferentziazko aretoa zan.
Alkarrizketa programaren barruan be hainbat dira gonbidatuak. Berbaldiak izango dira nagusi. Elisa Medde, Marta Gili, Luis Juarez, edo Alba Lafargaren berbaldiak. Bisita gidatuak be eskeiniko dira. Euretariko bat berezia izango da Yogurinha Borovak gidatuko daualako. Bizikletaz be egin ahal izango dira bisitak. Egitarau guztia www.getxophoto.com webgunean ikusgai.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00