Caritas Bizkaiak ohartarazo dau etxebizitza duina lortzea gero eta gatxagoa dala

Caritas Bizkaia erakundeak 70 urte bete dauz

Etxebizitza bat eta lana izateak ez dau bermatzen pobrezia egoeran ez egotea

Caritas Bizkaiak 70 urte bete dauz, eta joan dan astean urteurren hori ospatzeko ekitaldi berezia egin eban Bilboko Euskalduna jauregian. Mila pertsona inguru batu ziran bertan, erakundearen ibilbidea gogoratu eta etorkizuneko erronkei begiratzeko. Elena Unzueta Caritas Bizkaia erakundeko zuzendariak nabarmendu dauanez, urteurrena Bizkaiko gizarteari erakundearen lana ezagutarazoteko eta aurrera begirako bidean bat egiteko konbidapena izan zan. Unzuetak Lau Haizetara saioan esan dauanez, ospakizunean boluntarioak, langileak, administrazinoetako eta enpresetako ordezkariak, eta batez be, Caritasen erabiltzaileak izan ziran protagonista. Azken horretako askok lehenengoz izan eben Euskalduna jauregian egoteko aukerea. Unzuetaren esanetan, garrantzitsua izan da pobrezia eta desbardintasun sozialak jasaten dabezan pertsonak be ospakizunaren erdigunean jartzea.

Zazpi hamarkada honeetan Bizkaiko pobreziaren eta gizarte-bazterketearen errealidadea asko aldatu dala azaldu dau Caritas Bizkaia erakundeko zuzendariak. Erakundera heltzen diran pertsonen profila be aldatu egin da azken urteotan. Gaur egun, gizartean abidura bi dagozala ohartarazo dau: batetik, aukera ugari eta ongizate-maila ona daukienak; eta bestetik, oinarrizko eskubideak bermatuta ez daukienak. Ganera, pobrezia belaunaldiz belaunaldi transmititzen dan errealidadea dala azpimarratu dau. Pobrezia egoeran bizi diran familietako umeek etorkizunean egoera bera bizitzeko arriskua daukie. Horregaitik, Caritas Bizkaiarentzat ezinbestekoa da eguneroko laguntzaz gain, desbardintasun horreen arrazoiak aztertzea eta erakunde publikoei  neurriak eskatzeko lana egitea.

Zemendiaren 11ko grebaren testuinguruan, etxebizitza duina izateko eskubidea izan da alkarrizketako beste gai nagusietako bat. Elena Unzuetak azaldu dau etxebizitzearen arazoa ez dala pobretasun egoeran dagozan pertsonena bakarrik, gizarte osoari eragiten deutsan arazoa baino. Gero eta jente gehiagok dauka zailtasuna etxebizitza egoki, irisgarri eta segurua eskuratzeko. Pertsona batzuk baldintza duinak beteten ez dabezan etxe edo logeletan bizi dira; beste batzuk, barriz, etxebizitza partekatu behar dabe, eta badira etxebizitza bat lortzeko aukerarik be ez daukienak. Horrez gain, lana izateak ez dauala beti pobretasunetik urtetako aukerarik bermatzen ohartarazo dau Caritas Bizkaia erakundeko zuzendariak.

Caritas Bizkaiak eta Bizkaiko Eleizak etxebizitza-baliabideak eskaintzen dabez egoera zaurgarrian dagozan pertsonentzat. Behin-behineko baliabideak dira, pertsonak denpora mugatu baten egoteko, eta ondoren, etxebizitzaren merkadu normalizatura igarotzeko. Azken urteetan, baina, gero eta zailtasun handiagoak daukiez prozesu horretan dagozan pertsonek merkadu horretan etxebizitza egoki bat lortzeko. Unzuetak salatu dau etxebizitza-politikak diseinatzerakoan, ez dirala behar beste kontuan hartzen pobrezia edo zaurgarritasun egoeran dagozan pertsonen beharrizanak. Administrazinoei eskatu deutse neurriak hartzeko eta pertsona horreek etxebizitza-politiken erdigunean jartzeko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00