Pabellon 6ek PELOTAZO! Estreinatuko dau gaur Aste Nagusiaren barruan, eta irailaren 20ra arte egongo da ikusgai. Antzerki Laborategiaren ekoizpen barriak etxebizitzaren krisia dauka ardatz, eta zortzi kontakizun desbardinen bidez helduko deutso gaiari. Getari Etxegarai eta Olatz Ganboak zuzendutako lanak hausnarketea eragitea bilatzen dau, baina baita barrea be.
Etxegarairen esanetan, ikuskizunaren berezitasun nagusietako bat zortzi antzerkigileren begiradak obra berean batzea da. Bakotxak hamar minutu inguruko pieza bat sortu dau, tonu eta estetika propioagaz. Sei kontakizun gaztelaniaz dira eta bi euskeraz, eta guztiek etxebizitzearen arazoa daukie lotura. Alokairuak eta hipotekak ez ezik, etxegabetzeak edo putre-funtsak lako gaiak be jorratzen dabez.
Lau aktorek, Alfonso Diezek, Aitor Fernandinok, Leire Orbek eta María Urcelayk, hainbat pertsonaia antzeztuko dabez. Etxegaraik nabarmendu dau antzezlanak jarrera argia hartzen dauala etxebizitzearen krisiaren aurrean, eta gaiari begirada kritiko eta zuzena eskaintzen deutsala. Gazteak bereziki animau dauz ikuskizunera hurreratzera, etxebizitzearen arazoa gehien pairatzen daben taldeetako bat diralako.
Musikeak be pisu nabarmena dauka PELOTAZO!n. Etxegarairen arabera, musikal bat ez dan arren, musikea etenbako agirtzen da ikuskizunean, piezen arteko trantsizinoetan zein hasieran eta amaieran, eta aktoreek hainbat unetan abestu be egiten dabe. Adrián García de los Ojos arduratu da jatorrizko musikeaz.
