Bilboko Koral Alkarteak abian jarritako egitasmoa da Euskal Opera

"Maitena" izenekoaren ostean, kaleratzen dan bigarren opera da honakoa

Euskal Opera proiektuko “Lide ta Ixidor” kaleratu da

"Lide ta Ixidor" / Bizkaia Irratia

Bilboko Koral Alkarteak abian jarritako egitasmoa da “Euskal Opera“. Ahaztutako euskal operak berreskuratzea da proiektu honen helburu nagusia. Bizkaiko Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza eta Petronor enpresea dira Koral Alkartearen bidelagun proiektu honetan. “Maitena” izan zan, Euskal Operaren barruan kaleratu eben lehenengo lana. “Lide ta Ixidor” bigarrena da.

1910. urtekoa

Santos Intxausti konpositoreak sortu eban “Lide ta Ixidor” 1910. urtean. Iñigo Alberdi Bilboko Koral Alkartearen kudeatzailearen esanetan, umeentzako opera lirikoa da honakoa. Lide ta Ixidor izeneko umeen abenturea kontetan dau istorioak. Gabonetan girotzen da. Ipuinetako amuma misteriotsu baten bisita jasotzen dabe. Janaria magikoki sortzeko boterea dauan hagatxo bat ezagutzen dabe eta katu bilakatuko dan deabruaren agerpen bat be badago tartean.

Moldaketa

Jesus Mari Sagarnak berreraiki dau Santos Intxausti konpositorearen obrea. Musika arloan, Juanjo Ocon Euskadiko Orkestraren zuzendariaren laguntzea izan dau. Euskerazko testuen egokitzapenaz, Unai Elorriaga arduratu da. Euskadiko Orkestra, Bilboko Koral Alkarteko heldu eta umeen koruak, Marta Urbieta, Maite Maruri, Olatz Saitua eta Larraitz Navas sopranoak eta Gorka Unamuno tenorra ari dira lanean “Lide ta Ixidor” obran. Iñigo Alberdik lanaren grabazinoa Bilboko Filarmonikaren egoitzan egin izana azpimarratu dau.

Urriaren 21etik dago “Lide ta Ixidor” plataforma digitaletan. IBS Classical diskoetxeak kaleratu dau formato fisikoan. Euskal Opera egitasmoaren barruan “Mirentxu” kaleratzeko asmoa dauka Bilboko Koral Alkarteak datorren urtean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular