1. Sarri entzun eta irakurten ditugu hedabideetan, bata bestearen ondoan: “Gizonezkoak eta Emakumezkoak”. Izen biok zuzen emonda dagoz? Zein esanguragaz?
Ez da denpora asko irratiz entzun dodala, albista bat emoterakoan: “Gizonezkoak eta emakumezkoak” (2023-03-09).
Gizon eta gizonezko izenen artean hiztunok diferentzia garbia egiten dogu euskal eremurik handienean behintzat. Gizon izenak esangura zehaztuagoa dauka, markatuagoagoa, emakume izenak baino. Gizaki arraren estatus sozial batera zuzentzen gaitu, mutil izenarenaz bat ez datorrena: ezkondua izan daiteke edo ez, emazteduna izan daiteke edo ez, baina heldutasun aroan dagoan gizaki arrari deritxagu gizona.
Eta gizonezko izena, -zko atzizkiduna, gizaki arra modu jenerikoan izentetako darabilgu hiztunok, gazt. ‘hombre, varón’ izan daiteken eran.
Gizon izenaren kide-kidea gizaki emeetan andrea da berariaz, eta ez hainbeste emakumea. Andrea, edozein estatus daukala be, emakume heldua da; ezkondua izan zein ezkonbagea izan. Horretatik dator andra-gizonak esatea. Behin be ez dogu esaten gizon-emakumeak, ez emakume-gizonak. Zergaitik? Hiztunok ez ditugulako kidekotzat, ez dabelako jagoten eremu semantiko bardina eta bera.
Emakume izena bera da gizaki emearen izen jeneriko nagusia, -zko atzizki barik. Bai, ondo dakigu, emakumezko be hitz erabilia dala gipuzkeraz eremu batzuetan, andraZKO izenaren sinonimo moduan, baina lurralde guztiz mugatuan esango neuke. Orokorrean, autor daigun, gizon eta gizoneZKO izenen artean dagoan alde berbera dago andra eta emakume izenen artean. Parekotasuna halan egiten dogula gaur egun esango neuke.
Gizaki emeetan sinonimo garbiak diranak emakume eta andrazko izenak dira. Konturatu gaitezan, egunerokoan andraZKOa esaten dogunok, ez dogu emakume izena erabilten. Edo bata edo bestea erabilten ditugu, kide-kideak diralako.
Oñati aldean entzuna dot esaten gizasemea eta emakumea, sartalderago gizonezko eta andrazko darabilguzanen maila berean. Bizkaiko leku batzuetan andrakumea be esaten jako emakumeari. Eta gizaki arren be, gizonezko esaten ez dan lekuetan gizakumea be esaten da.
Nafar eta Iparraldeko inguruetan emazteki izena asko entzuten da, eta gizonki izena be ezaguna da, ezagunak eta erabiliak dira gizaki ar-emeen esangura jenerikoa erabilteko.
Goiburuko esaldira bihurtuta, “gizonezkoak eta emakumezkoak” esan ordez, “gizoneZKOak eta emakumeak” soil-soilik erabiliko neukean, zehaztasunaren mesedetan. Edo izendapenok gogogo ez dituanak, euron sinonimo garbiren batzuetara jo leike.
2. Gaztelaniazko errefrau baten berbak dira: “No pidas peras al olomo”. Euskeraz hori zelan esan?
Ezinezkoa dana eskatzea alperrekoa dala esatera dator. Edo ez daukanari eta euki ezin dauenari eskatzea, emon ezin dauenari, emoteko modurik ez dauenari zer edo ha eskatzea ahalegin antzua dala. Horixe adierazotera dator gaztelaniazko esaera hori.
Gaztelaniaz, arbolen eta arbola-frutuen konparantzaz eihotako esakuntza honek sona handia dauka. Ezagunena: “No pidas peras al olmo”. Eta bada bigarren bat, ez hain ezaguna, baina gizakiontzako irakatsi handikoa: “Pedir al hombre veras, es pedir al olmo peras” (Atsot. 4968).
Euskeraz be baditugu gitxi batzuk, arbolen irudiaz baliatzen diranak mezu hori bera edo hurrekoa aditzen emoteko.
– Batek arte arbolea eta sagarra darabilz iruditzat. Arteak ezin emon sagarrik.
Bizenta Mogel idazleak bere Ipui Onak izeneko alegi-bildumaren sarreran hara zer dakarren idatzita: “Okerrik badakuste ipui oetan, egotzi nere gaiñera!… berdin “arteak ez du emango sagarrik”. Justo Mokoroaren gaztelera bertsinoa: “Puesto que… es inútil pedir peras al olmo….”.
“Arteak ez du ematen sagarrik; ezkurrak baizik” (= No hay que pedir peras al olmo=) (Aizkolariak. (A. Zavala. Auspoa 23).
– Beste esakuntza batek, laparra eta udarea hartzen ditu iruditzat. Dino: “Hori laparretik udarea biltzea liteke….”. Mokoroaren argibidea: “Pedir peras al olmo” = pedir un imposible. (Argia astekaria. Arburua Teodoro / Zubieta). Laparra, Nafarroaren sartaldean entzuten dan hitz hori, Iparraldean laharra eta sartaldean sasia deritxonaren esangurakoa da. Sasiak ‘masustak’ emon leikez, baina udarerik (madaririk) ez.
– Paulo Zamarripa idazle sondikar umoretsuak artoa eta madariak konparagarritzat hartuta, mezu bera damaigu. Dino: “Hori?… Artoari madariak eskatutea da, ia-ia” (Ibaizabal astekaria). Eta J. Mokoroak argibide berbera: “Casi como pedir peras al olmo; pedir un imposible”.
– J. A. Irazusta idazleak bere elabarri baten dino: “Sagardotegi batean garbitasuna sartzea txekorrari dantzan erakustea bezin zailla da” (Joainixio. 1946). Gerra aurreko sagardotegien ezaugarritzat darabil zikintasuna.
– Labayru Hiztegiaren Fraseologia alderdian beste esamodu gehiago be batu dira, ideia beretsuaren adierazgarri:
Batean haltza (gazt. ‘aliso’) arbolearen irudipean: “haltzari ezin zaio fruiturik eskatu.”
Eta beste konparagarri batzuk, osterantzeko irudiez baliaturik eihoak. Halan:
* umeari geldi egoteko eta zaharrari arin ibilteko (eskatzea).
* arrantzura larrera joan
* eguerdian ilargi bila ibili
* txarri narruz jake ona egin
3. “Eroan ahala harri”. Esakune zahar baten berbak. Zer esateko?
Errose Bustintza Mañariko idazleak Euzkadi egunkarian gerra aurreko urteetan idatziriko esakera bat, “Eruen ala arri” (Eroan ahala harri) dogu artikulu txiki baten aditzera emoten deuskuna. Xabier Boveda irakasleak bialdu deusku Durangotik, Euzkadi gerra aurreko egunkaria arakatuten ekinda, urrebitxi hau.
Dino ‘Mañariko’k bere idatzian:
“Lehengo egun baten, mutil batek hemengo aguretxo bati honan inotson:
Zu, urlia neskatillea berendia mutillagaz ezkontzen ei da. Eta dinoe, suberte handia egiten dabeela. Bien arten sei etxe ei daukiez, eta ganera dirua be sendo. Eta danak aho batez dinoe, ezkontzen badira, sekulako edertoen biziko dirala.
Hau entzunda, aguretxoak esan eutsan barreka:
– Horreek gauzok holan izango dozak baina, horreentzat be ez dok faltako ‘eroan ahala harri’, danontzat jagok eta.
‘Eroan ahala harri’ esakune polit hau oso zaharrak izan behar dau. Eta berau hemengo zaharrak sarri erabili ohi dabe, adierazoteko, ludi honetan gagozan artean, txiro nahiz aberats, danok izango dogula zer jasan, eta eten barik jatorkuzan neke, samintasun eta ezbeharren zama astuna, bakotxak berea jaso beharko dogula.
Horra hor antxineko esakune polit eta mamintsu bat”.
Mañarikoren berba zuhurren esanari beste gehiago be gehitu leikioz: mundu honetan bakotxak bere kurutzea daukala, eta aldean eroan beharra, jakina.
4. Hile honetan berbakizun izan dira, batean Amaren eguna eta laster Aitaren eguna. Ez ete dago Gurasoen egunik?
Euskeraz badogu izen bat genero biak barruan hartzen dituana, gurasoa. Guraso izena hiru baliogaz darabilgu: gurasoa izan daiteke ‘aita’, edo izan daiteke ‘ama’, edota izan daitekez ‘aita eta ama’ biak batera. Eta erabili geinke pluralez, gurasoAK, bitik gorako taldeentzat be. Eta gaur egun, gurasoak dirala esango geunduke, ume batek edo seme-alabek ‘aita bi’ edota ‘ama bi’ dituenean be. Sexu-bereizkuntzarik ez dogu egiten, gurasoa dinogunean, zein gurasoak pluralez darabilgunean.
Singularrez darabilgunean, gurasoA, genero neutrokoa dogu izena: ‘aita’ zein ‘ama’ izentetako balio dau, edo bardin ‘aita bi’ edo ‘ama bi’ dituan batentzat.
Gaztelaniaz badira “Padres de la Iglesia” izendapenaz ezagutu izan diranak, eta euskeraz, itzultzaile batek behintzat, Eliz-gurasoak izenaz euskaldundu zituanak. Ondo eginda, edozelan be. Gizonezkoak ziran eleiz-gurasoak, baina guraso izen horregaz Santa Teresa be barru egon zatekean.
(…)
Guraso izenetik eratorri edo erakarri diran beste izen batzuk be baditugu euskeraz. Bat, gitxi entzuna, baina jator eta zindo erabili izan dana: Guraso-herria.
Izen honek ez dau tamalez aurrera egin, ze Sabino Aranak aberria izen barria fundau eban latin-erroko ‘patria’ adierazoteko, ointzat aba- hitza edo hitz-oina hartuta. Erro horretakoak ditugu osaba, izeba, asaba, arreba, ginarreba, ugazaba eta halako senidetasun-izenak, bigarren osagaitzat aba atze-izena erantsita. Eta ondorioz Gurasoerria bazterturik geratu zan.
Baina aba hitz bakun edo solte lez ez da euskeraz erabili izan.
Nondik atera eban Sabino Aranak aba horren sustraia? Pablo Astarloaren Discursos liburutik. Harek zinoan aba ‘aita’ esangurako izen zaharra dauela euskereak. Astarloaren etimologiak irudimen bero ugarikoak ziran, baina zuzenbide gitxikoak. Hara zer zinoan bere obran: “”La octava combinación del hombre-niño es la sílaba ab, y quiso el bascuence formar con ella la voz aba, y tomarla por signo de lugar-teniente de padre. Es verdad que hoy no se halla en uso esta palabra, pero no nos dejan dudas de haber sido conocidas entre los bascongados varias voces en cuya composición entra. Llamamos os-aba o os-abia al tío, y literalmente significa ‘de llamamiento padre’ . Decimos aas-abac a los antepasados, y literalmente quiere decir ‘de atrás padres’. Al amo llamamos ugas-aba, que literalmente significa ‘de mantenimiento padre o padre mantenedor’. A los sacerdotes damos el nombre aba-dia, que traducido literalmente quiere decir ‘lugarteniente de padre’. Me arrimo a creer que con esta voz a sus principios se daría a entender todo aquel que hiciese veces de padre”. ”.
Sabino Arana hasi zan aba huts-hutsik lehenengoz erabilten, baina aita biologikoari barik, eleiz gurasoari, abadeari: “Itxi eidazu, Aba, neure obenok autortzen, zuk itandu barik” (AG 1442). Hortik aurrera aranatar joerako idazle askok erabili izan dabe, eleiz eremuko ‘gurasoa’ aditzen emoteko: “Lenengoz idatzita ikusten degun amalauduna Larramendi Abaren Iztiyan arkitzen degu” (Lopez.Mendizabal EEs 1913, 241). “Txonitz-aldija egiten bere / aba Apolinar asi zan” (Urretxindorra 85). “Eustasi Aba karmeldarrari” . (Urretxindorra 153).
5. “Udal Zerrenden TOPAKETA”. Sare sozialetan eta iragarkietan ia egunero irakurten gatozan hitza: topaketa. Zuzentzat jo daiteke ‘topkaketa’ esatea, erderaz ‘encuentro’ dinogunarentzat?
Euskerahobezale batek bialdu deusku mezua, esanez Udal Zerrenden TOPAKETA horrek belarrian min emoten deutsala. Antza danez, Aurkezpena hitza ezin da erabili. Batzarra edo beste zein berba dan egokiena. Hori da zalantza eta itauna.
Neuk be hainbat paper-iragarkitan ikusi dot gure herri txikietan Topaketa berbea, Udal Zerrenden Topaketa, hatan be. Zein ebatzi emon?
Ez daukat guztiz zuzentzat goiko esaldi hori, dagoan moduan esanda. Udal Zerrenden Topaketa esatean “udal zerrendak topetan” gabilzala esaten gagoz moduren baten, eta ez da hori gaztelaniazko mezuak dinoana: “Encuentro CON la candidatura”.
Txarren-txarrenean be, topaketa hitza erabilteko kapritxoa daukanak, Udal HautagaiAKAZ topaketa esan leike, baina ez Zerrenden topaketa.
Edozelan be, esangura aldetik hori be arraro samar egiten jaku. Topaketa izena, ingurune horretan, leku txarrean dago. Euskaldunon senak ez deusku hor, ez topaketa, ez topatzea agintzen, beste zeozer baino. Eslogan honegaz jazo dana sarri dakuskun kontua da: gaztelaniaz finkatu da lehenengo mezua. Hitzez hitz: “Encuentro con la candidatura”.
Askoz gehiago gustau jat Meñakako hautagai zerrenda baten aurkezpenerako irakurri dodan iragarkia: Herriko hautagaiakaz jarduna.
Topaketa izenak tradizino eskasa eta laburra dauka euskeraz. Akorduan daukat hor 80gn hamarrurtekoaren inguruan irakurri nebala lehenengoz Donostia aldeko ekitalderen bat iragarteko: Topaketak. Gaztelaniazko “Encuentros” horri ordain babil bilatu gurarik, eta harrezkero hor dabil bili-bolo zorioneko Topaketak hori, gaztelaniaz “Encuentros” agiri dan bakotxean.
Zelan aditzen emoten izan dogu euskaldunok alkarregaz batu eta zeozeren gainean jardun edo gogoeta egitea adierazoteko? Iparraldekoek “elgarretaratzea” erabili izan dabe. Eta gure artean “alkartzea, alkarregaz batzea, alkarregaz bat egitea” edo horrelantsu.
Nondik sortua da “topaketa” izenori? Topau/topatu aditzetik. Eta hau bai aspaldi zaharretik jatorkun aditza dala gazt. ‘encontrar’ esateko, baina Hegoaldean, ez Iparraldean. Aspaldi galdu genduan geure errepertoriotik “ediro, idoro” aditza, Iparraldekoek “ediren” esaten dabena. Eta topatu horri erdal sundea ikusten geuntsan lez, “aurkitu” fundatu genduan Hegoaldeko euskaldunok, eta gaur be aditz horregaz gabilz atzera eta aurrera. Zerbait idoro dogula esateak zahar usaina dauka, hurrean.
Eta gaztelania zaharretik hartu genduan topau/topatu, zeozeren bila ibili eta ahor non, aurrez dakuskunean bila gabiltzan hori, topau dogula esateko, idoro dogula ahaztuta.
Eta hurrengo pausua zein izan da? Ba gaztelaniazko “encontrar” aditzetik “encuentro/encuentros” garatu bada, egin daigun euskaldunok beste horrenbeste: topatu aditzetik sortu daigun topaketa/topaketak izena. Eta “alkartze, alkarganatze” bat dagoan bakotxean topaketa bat dagoala esan daigun, ze “alkar topatze” be susmagarria izan zeitekean eta.
6. Labayru Fundazinotik berba baten gaineko itauna bialdu deuskue. Ea nondik datorren ATZERATRAGAN berbea?
Labayru Hiztegia ontzen dauen Labayru Fundazioaren Lexikografia Ataletik jatorku mezua eta itauna. Halan dino:“Gabon.
Zer edo zer egiteko gogorik ez daukagunean “atzeratragan nago” esaten deutsagu. Adibidez: “astoari eragin arren, atzeratragan egoan”. Ondarrun eta Berritxun entzuna dala gaineratzen deuskue. Eta itauna: Nundik datorren eta adiera jasoan zelan esan beharko litzateken jakin nahi genduke.”
Eskerrik asko, Julen.
Atzeratragan egotea, ingurune horri jaramonda, ‘atzeraka egiten, atera joten, atzerantz tiraka’ egotea adierazotera dator.
Baina itauna beste hau da: Zer da tragan egotea? Ze traga izena ez da asko entzuna. Bai, ostera, tragau / tragatu aditza. Baina ‘iruntsi’ adierako aditz horregaz ez dirudi zerikusi handirik daukanik atzeranzko tragan egote horrek.
Bada beste izen bat, trangea, ‘frenua, galgea’ balioaz erabilten dana, gazt. ‘tranca, retranca’ izenen bidetik, ‘atzera eragiten dauen trangea’ edo izatea. “Emoizu trangea ateari!” esan ohi da, barruko partetik ondo zarratu gura danean etxe-portalea.
Trangea, beste adiera bati eraginda, haria egiteko tramankulu zahar baten izena be badogu, gazt. ‘agramadera’ deritxona: “Agramadera, instrumento para majar el lino”. Azkuek gaineratzen dau: “Trangeak hiru ortz daukaz beti, bi ganeti; pagozkoak dira ortz honeek; lau ankakoa da (V-arr)”.
Traga izen horren bidetik, badaukagu laborantzako tramankulu bat, are edo golde mota bat, traganarrua deritxona be.
Ondarroa, Berriatu edo Markinaldeko euskal hizkun sendoei itaundu beharko, ea tragea izena edo tragan adberbioa ezagunak dituen, eta zer eta zelan esateko.
7. Lehengo astean, Euzkadi egunkarian 1920an argitaratutako kronika bat, emakumeen eskubideen aldekoa, irakurri genduan Euskera Hobetzen tarte honetan. Baina zein zan “Amagoia” ezizeneko kronikagile hori?
Xabier Boveda irakaslea, kronikea bialdu euskun bera izan da, egile horren identidadea argitu deuskuna. Dinosku bialdu deuskun mezuan:
“Amagoya gatxizenaren azpian Margarita Unzalu Arana durangarra dago (1892-1973). Emakume Abertzale Batzako kide horrek berrogetaka kronika-artikulu idatzi ebazan Euzkadi egunkarian gerra aurreko urteetan. Gerran iges egin behar izan eban, eta bere senar Gregorio Ruiz Ertzilla “Gogorra”-gaz batera Iparraldean bizi izan zan exiliaturik hil arte”.
Eskerrik asko, Xabier.