Euskera Hobetzen: 'Hazitarako'. Zer esateko?

Euskera hobetzen tartea

Euskera Hobetzen: ‘Hazitarako’. Zer esateko?

Ortua / Bizkaia Irratia

1. Hiztun bati entzuniko esaldia: “Beste kale horretatik joan banintz, asko txarrago ez. Arinago helduko nintzan”. Asko(z) txarrago ez. Esapide polita

Gaztelaniaz hori bera normalago esan gendukean: ‘Mucho mejor’, baiezkako egiturea erabilita. Berbazko euskeran zahar edo aspaldiko dogun estiloaz baliatuta, ezezkako egiturea erabili dau goiko horretan hiztunak, baietza, baieztapena indartzeko.
Euskaldunok estilo joera handia dogu, zeozer indarraz edo enfasi bereziaz adierazo gura dogunean, kontrakoa ezezka adierazotea. Estilo horren erakusgarri garbia dogu, hatan be, goiko esaldi hori: asko(z) txarrago ez. Esatea lez: hainbat hobeto, asko(z) be hobeto, are hobe(ki).
Artajorran egitea, lehenago artoa eta indabea erein eta ostean, landarea behin erne ezkero sarri egiten zana, bedar txarrak kentzeko askia, txomin bedarra edo beste edozetarikoak , ilaretan etozan landara ernebarriok ito barik eta indarrez gora egin egien. Atxur, jorrai, atxurkula edo dalako erremienteagaz jorratu. Artajorrearn eta jorradorearen autua generabilela lehengo eran gaur ia galdua behintzat , lagun zahar on batek atera eban ahotik: “Neu be artajorran egin bakoa ez nok”. Esan gura ebana zan, sarritxo atxurren jardundakoa zala ereinda egoan ortu edo solo txatalean.
Ezezkako lokuzino edo esapide baten bidez baieztapen sendotua adierazoten daben esaldi-egiturak, euskeraz berez lez berbaratzen ditugu. Baiezkako adierazpen neutroa erabili ordez, kontrakoaren ezeztapena, indarra emoteko. Hara Zamarripak bere estilo-liuburuan hauturik dakarkuzan batzuk: – Goizean goizetik -> Eguna barik (antes del amanecer) (Man.Vasc. 225). – Ixilik egon -> Txitik ez atera (no decir esta boca es mía) (Man.Vasc. 234). – Gauza izan, baliokoa izan -> Ez da ahuntzaren gauerdiko eztula (no es grano de anís) (Man.Vasc. 234).
Ezezkako itaun erretorikoez baliatzea be guztiz ohikoa da. Halan, zalantzaz esatea: Ez gero? (¿Seguro que no?).
Harridurazko esaldietan are ugariagoa: “Hoba ez!” (¡claro que sí!) (Man.Vasc. 227). “Ez ba ze!”, “Ez behar be!” (¡vaya que sí!) (Man.Vasc. 238). “Ume hori ez dala berarena? Ez ba! Izan barik! Igual-iguala da ba eta!” (¡Por supuesto que es!). “Ez ba!” ()¡Claro que sí!).
Ezezkako aditz egitura baten bidez harridura adierazotea be ohikoa da: “Joango ez gara, ba!”. “Etorri ez, ostera!”. “Ez dau gitxi jan, ia afari guztia berak garbitu dau eta!”. “Ez da hori makala!”. “ Ez dakizu ala? Bai, zera! Jakin barik!”.
Izen-adjektibodun sintagma bat izan daiteke batzuetan: “Ez dauka akordu txarra!”. Adjektibo sintagma soila beste batzuetan: “Ez da makala!”. Adberbio bat be bardin: “Erabagi zuzena hartu dau. Oker ez dabil.” Edo zenbatzaile bat: “Ez daki gitxi horrek, lelo antzak erakutsi arren!”.
Goiko esaldira bihurtuta: Asko txarrago ez! esapideaz baliatzea, ‘asko(zaz) be hobeto izango zan’ esateko.

2. Errefrau ezagun baten esana: “Berbeak berbea dakar”

Oraintsu suertau jatan entzutea, lagun zaharren arteko bazkari baten. Eta neure artean egin neban baze: honexeri heldu behar deutsat gaineko egun baten ‘E. Hobetzen’ irrati-tarte honetan.
Artean be baturik neukan errefrau hau; ezaguna be bada eta. Ibarrangeluko berbetan, Domingo Zuluaga abade jaun eta euskerazale handia zanaren apunteetatik jasorik neukan. Berbaz berba errefrau berau: “Berbiek berbie dakar”.
Labayru Hiztegiak be baturik dauka, eta era bitara, gaztelaniaz berorren irakatsia zein dan (irakatsietariko bat behintzat) argiro darakusala: “Berbeak berbea dakar: Tras la palabra, el compromiso”. Bigarren aldaerea, laburrago: “Berbea, berba: La palabra, palabra es”. Berbea, adiera horregaz darabilgunean, ‘berbea emoteagaz’ loturik dago. Halan esan ohi da berbea agindu edo berbea jan, eta horrelangoetan berbea ‘agindua’, ‘promesea’ da. Horretatik eregiak dira honako esakuneok: berbea zor eta agindua zor. Eraz jatorku hemen Frai Bartolomeren esaera bat: “Bere berbearen jaube ez dala dinogu, orrelakoagaiti: ez agindu baino ez eukala” (Ikasik I).
Adiera horretakoak dira baita, berbea bete egin behar dalakoa, eta berbearen balioa: hau da, urliaren berbeak balio dauen ala balio ez dauen. “Haren berbeak ez dau txakurrandi bat balio”, esan ohi da.
Ildo berekoak ditugu berbea emon, eta kontrakoa: berbea jan. Añibarrok idatzia da: “Eldu zaite beti Jaunagana! Emonik dau bere berbea, lagunduko deutsula” (Lora sorta).
Adiera horretakoa dogu baita, lehenago makina bat bider ahotan erabili ohi zan zorioneko ezkontza-berbea. Batzuetan, lagun geidearen zorigaiztoan, berbeori beteten ez zan. Frai Bartolomek bere lumaz ondo zorrotz dirausku: “Aintzaz artuta dagozan legeen kalte bagarik emon ezkero ezkontzako berbea, kobru emon bear jako berbeari” (Ikasik III); eta beste behin be: “Eleizearen lege artuak ontzat emoten daben moduan, ezkontzeko berbea zorra da, ta zor andia” (Ikasik III).
Baina berbea orokorrean ‘berba egitea’, ‘jarduna’ ‘autua’ adierazoteko darabilgu, eta berbeak berbea dakar esakunea be bai, gaztelaniaz esatea lez: ‘Un tema evoca otro…’, Otxoluaren idatzi baten irakurri dogun lez: “Berbeak berbea dakar, eta ipuinak ipuina”.
Badogu euskeraz, azkenengo berbea eta lehenenego berbea kontrajartzen dituan esakuntza adiutu be, Urdaibai aldean sarri entzun izan dodana: “Azkenengo berbea lehenengo!”. Diplomazia urrikoa danagaitik esan ohi dana.
Ze beste eratako berbak ditugun? Zein adjektiboz edo adnominalez lagundurik agiri da berba izena gure artean? Hara ezagun jakuzan batzuk:
Berba alperrekoak, edo alperreko berbak. “Alperreko berbak, alperreko erantzunak, alperreko begiradak” (Eus.Erkiaga Batetik.bestera).
Berba arinak: arinkeriaz esandako berbak. “Arpegirik eztauko / nunbaist drogosoak, / len legez ereiteko / berba arin zoroak” (Eusebio Azkue Parnaso).
Berba astunak: berba gordin edo gogorrak: ‘palabras bruscas’. “Berba astunak dira horreek halako orduetan.”
Berba dultzea, tradizinoan ezagunagoa gaur egungo usuan baino. Halan Barrutia antzerkigilearenenan: “Aren aoko berba dulzea aditu neban puntuan” (Acto).
Berba ederrak be sarritako izen-adjektibo alkarkuntza dogu. Arrese-Beitiaren luman: “Apolok baiño lira obeak deutsez soiñutzen, / Homerok baiño bertso obeak bere bota, / berba ederrez Zizeron dabe atzeratuten, / jakituriaz Salomon izten zapalduta” (Ama.Euskeria). Eta Barrutiarenean: “Berbook eder aoan, orapiloa kolkoan” (Acto). Eta antzera Añibarroren lumako honetan be: “Alperrak entero dira berba-egikune ederrekoak, min-labanak, barritsuak, berba-lapikoak” (Geroko.Gero).
Berba gaiztoa. Hau da, berba txarra, deungea. “Jaungoikoak gorde gagizan berba gestoetarik” (Catec.Busturia).
Berba garratzak, hiztunok berezean darabilguna, berba ‘gordin, haserrebera, astun’ adiereaz. “Berba astun edo garratzen bat esaten badeutsue, aztu bearrean beti zagoz barriztetan” (Pedro.Astarloa UD II).
Berba gazia, irudi literario indartsua: “Berba orren berba gazia, / Berba orri nai ez dakiola balia.” (Olasoko kantua). Eta Esteban Garibai kronikagilearen azalpena: “‘salado’ se ha de entender aquí por ‘salado desabridamente’”.
Berba gozoak, maiztasun handiko sintagma: berba ‘leunak, atseginak’ adiereaz.
Berba labanak, gazt. ‘aduladoras’. “Inos etorten bajatzu, ez joakona, ondo gura baleutsu legez, miin zorrotzagaz ta berba labanakin enbusteriak kontetara” (frai Bartolome Ikasik II). “Berba labanak, jolasak bardin, / gaba arturik eguna; / hauxe da gure etxietako / bakia kendu dabena” (Balentin.Enbeita Nere.Apurra).
Berba lohiak: “Bein murmuraziño ta esaka gaistoakaz, beste bein berba loiakaz, biraoakaz, &c” (Añibarro Lora.Sorta).
Berba nasaiak. Sermoitegietan, dotrina giroan, sarri agiri dan izen-adjektibo bakuntza: “berba nasaiak: palabras licenciosas.”
Berba onak. Errefrau baten esanak ondo darakus beronen balioetariko bat: “Berbak onak, baiñe artue maletan” (Iurreta. Miren Bikandi).
Berba osoak: berba sendoak, benetako berbak: ‘palabras claras’.
Berba samurrak, berba ‘gozoak’, baina beti balio positiboaz. Uriarte idazleak pasarte baten aurrez aur darabilz, berbak dirala-ta, alkarren kontrako adjektibo bi: samur eta garratz. “Abegi on, amodio ta berba samurren lekuan, izan zituzan arpegi illuna, bekoki astuna, berba garratzak ta agiraka andijak” (J.A.Uriarte Mariaren.Illa).
Berba txarra. Beste era batera, ‘deungea, gaiztoa’. “Euren aurrian ez esan bein be berba txarrik, ez badaezpadako gauzarik” (Kirikiño Abarrak II).
Berba zantarrak. Esangura beretsuaz ‘zikinak, lohiak’, gazt. ‘soeces’.
Berba zuhurrak, gazt. ‘prudente’ adierakoa: “Arinkerizale ta aizezbetekotzat eukan Madalen, berba zuhur, hitz eder ta ele zentzunezkoduna zala auturtu bear izan eban mutilak, argi ta garbi, bere kolkoan” (E.Erkiaga Arranegi).

Adnominal modura, berba izenari aurretik dautsen izen batzuk be ugariak dira. Halan:
– Guzurrezko berbak: berba ‘faltsoak’, ‘sasikoak’. Azkueren lumaz: “-Guzurra be berbea da…! Ez sinistu honi, gizonak!” (Bein da betiko). Gaztelaniaz: “Hablar por no callar…!” (Mokoroa Ortik eta Emendik).
– Jainkoaren berbea, dotrina arloan ziur finkaturiko hitz segida, zin-egite formula lez sarri esan eta entzuna. Añibarrok dakarren eran: “Verbo divino, Berbo Dibinoa, Jangoikoaren Berbea” (Voc.Basc.)

Eta azkenez, zenbatzailez lagundurik be ondo ekantzen dala gogorarazo: Berba bat. Berba bi. Berba batzuk. Berba gitxi. Berba asko. Adibideetara jota:
– Berba bat. Indar eta eragin handiko berbea. “Berba bategaz lurrera ezarten ditu, bera preso artutera doazan Judas ta soldauak” (frai Bartolome Ikasik I).
– Berba gitxi: “Etzie ondo joateko, zarrak ein bi’dabela: berba gitxi, jan gitxi ta bihar asko” (Arteaga. Segundo.Oar-artetak hango gizon bati. 2011-V).

3. Bizkaiko herri askotan, arratsalde partean nor edo ha formula bidez agurtu behar danea, esaten da: “Arrasti on!”. Leku batzuetan esaten da arratsaldea eta arratsalde on, eta beste batzuetan arrastia ta arrasti on. Zertan datza diferentzia?

Maribi Egia, Jatabeko euskerahobezale, berakatza baino finagoak bialdu deuskun mezuak emon deusku haria puntu honi heltzeko.
Dino mezuan: “Nahiko orokorra bada bere, gure inguruan arrastion esaten dogu agurtuteko, baina egunaren zatiari atsalde. Ez dogu, ostera, atsaldeon esaten. Arrastegi etxean inoiz entzunda daukat, baina Arrastegi on ez. Edozelan bere, asko sarriago atsalde, arrastegi baino. Atsalde da gurean forma erabiliena ‘arratsaldea’ esateko. Goizeko zatiari goiza; geure erara ahoskatuta goixe; edo eguerdate, bata zein bestea. Eta arratsaldeko edo goizeko akabuko zatiari erreferentzia eginda, atsalde belun, goix belun edo eguerdate belun, inesibo kasuan”.
Mezu horren harira Biosne Zarandonak Larrabetzutik beste zertzelada hau erantsi dau: “Guretzat goiza eta eguerdatea ez dira bardin-bardinak. Eguerdia 12 edo 12.30etatik bazkalordura arteko tarteari esaten deutsagu. Eguerdatea guretzat goizaren zati bat da, 11.00-11.30etatik 12.00-13.30etara bitartea edo. Halan goizean armozau egiten dogu, eguerdatean pintxotxu bat edo hamaiketakoa jaten dogu, eta eguedian marianitoa hartze dogu”.
Erantsi deiodazan eguerdate izen ebakera bitxi hori gehigarri bi. Lehenengo, argiro esan, izen horren era landua eta zaharragoa eguerdiarte dogula, berbaz, laburragoturik, eguerdarte eta eguerdate itxuretara erakarri doguna. Bigarren osagaia, arte, desitxuratu egin dogu, eta denpora-izenetan dogun -te atzizkiaz bardintzera jo dogu: edur-te, lehor-te edo negu-te izen eratorrien taiura. Eguerdiarte/eguerdate izenaren adiera garbia, eguerdi aurre izenaren berbera da oinarrian: eguerdiaren aurre-aurrea.
Baina natorren arrasti-arratsalde izenen ardatzera. Konzeptu berbera da gaurko hiztunontzat arrastia eta arratsaldea. Bizkaiaren sartaldean arrastia gorde da. Morgan be halantxe ikasi neban txikitan. Baina Bizkai erdialdetik (Urdaibai, Durangaldea) ekialderantz arratsaldea, edo laburturik atsaldea esaten da.
Arrastia gaur esaten danaren atzean arrastegi izen zaharragoa dogu. Gure klasikoek, sartalderengoek berariaz, arrastegia idatzi izan dabe, eta eremu zabalagoan arrastei barriagoa erabili izan da (frai Bartolome, J.A. Uriarte eta oraintsuagoko askok). Frai Bartolome etxebarritarrak bietara darabil. Era osoa sarriago: “ Guztia da priesea piesta eguna, arrastegian piestara joateagaiti” (Olgeeta), “Atsoak badira, ta endamas seme-alabak an [erromerian] daukeezanak, azeria oilloa jaten baino pozagorik dagoz plaza baztar bateti edo bentana zulo bateti dantzeari begira arrastegi guztian kansau bagarik” (Olgeeta). Baina era laburragoaz be bai inoiz: “Zeinbat kristinauk, jai domeken goxik geiena eragotzitako bear modu askotan iragota, arrastei guztia ta gabaren zati bat diabrua serbiduten iragoten dabee?” (Ikasik I). Arrastei aldaerea agiri da bertso-ahapaldi honetan be: “Etxeruntz etozala / pozik arrasteian, / aixe barik asi zan / euria mendian” (Poesia.Bascongada 424).
Eta horretatik garatu da, bokalak bardinduz, arrasti modernoa. Arrasti aldaera hau barri samarra dogu, arrastegi eta arrastei zaharragoen ebakera modernoa; berbaz indartsuagoa idatzizko tradizinoan baino. Baina, dana dala, berbaz ez ezeze, idazleetan be estimazino puntutxoa irabazi dau ebakera honek. Halan Erkiaga lekeitiarrarenean: “Arrasti erdian, bideak aurrera doalarik, erriko plaza txikerrean, tanbolin soiñua dantzu” (Batetik.Bestera). Eta bardin Bit. Gandiaga mendatarrarenean: “Arrasti epeletan eliza torreari bueltaka dabiltzan elaiak baiño txoroago” (Elorri). Edo Tomas Gerrikagoitia bollibartarrarenean: “Arrasti guztia pasau, ta berbak eta kejak bakarrik entzunda etxera” (Arantza).
Eta azkenez arratsa daukagu, gaur berba bakun modura erdi aldendu dana, edo bakan erabilia. Lehen arrratsa eritxonari gerora iluntze edo ilunde izenek hartu deutsie gainea. Akordura jatortaz harako ‘Frantzia kortekoa’ deritxon baladearen akaburengo kopletariko baten berbak, Zeanuriko bertsino zaharrean: “Ai amaginarraba, muskerrez betea, / sugeak eingo al deutso / arratseko ogea” (‘iluntzerako, gauerako’ ohea sugeak egin deion birao-opestea egozten deutso erran gazteak amaginarreba deunge heriotzaginari).
Amodio kopletan be, neskatileak bere isileko amoranteari gomendatzen deutso, ez egun argiz etorteko berarenera, ezpada: Zatoz arratsean dirautso, hau da, ‘ilunabarrean’.

4. Lehengo baten aitatzen genduan ames berbearen esangura bat, sartaldeko euskaldunok sarri darabilguna: Zeren amesagaz edo zeren amesean nora edo hara joan, edo zertan edo hatan hasi. Baina euskerahobezale aditu batek adia berbea gogorarazo deusku esangura bera aditzen emoteko

Juan Manuel Etxebarria euskerahobezalea izan dogu, Zeberioko semea, gogotara adia berbea ekarri deuskuna, ‘intentzinoa, asmoa, helburua, xedea’ esangura horretarako.
Arratia aldeko hiztun on bati edo besteri entzuna nengoan behin edo behin adia berbea: ‘zeozertarako adia euki’ edo ‘zeozertarako adiagaz’ zer edo ha egiten hasi. Eta ezezka be bai: inorako adirik euki ez.
Hari horri dautsazala, esaldi bi aurreratu deuskuz Juan Manuelek, biak adiagaz soziatiboaz eihoak: “Indabak erosteko adiagaz plazara joan naz” eta “Gorbeiara joateko adiagaz urten dot etxetik”. Orozkon eta Zeberion berba normal-normala dala gogorarazo deusku. Eretxi horretan nengoan neu be.
Gure idazle klasikoetara jo dogu, eta Mateo Zabala idazle bilbotarragaz egin dogu atzera be topo. Idazle honek behin baino sarriago darabilen aditz lokuzinoa da: adia hartu, edo pluralez, adiak hartu.
Erlejino giroko hiru esaldi. Bat, autorkuntza egitera noiz joan adierazoteko autorleari: “Jauna, bada, zortzi egun da, gaur konfesetako gogoa [asmua, adia] artu nebala, ta arrezkero gau ta egun, etxean, soloan, basoan, oean, non gura, beti egon naz, bada… egin bear nazala, egin bear nazala” (Irun). Bigarren bat, lapurretan egitearen gainekoa: “Au ezin egin lei; pekatu da; eta kendu dan gauzea asko bada, edo beinik bein asko kenduteko gogoa [asmua, adia] artu bada, pekatu mortala“ (Irun). Eta hirugarren hau, promesa egiteagazkoa: “Promes benetakoa izateko agindu bear da, dala berbaz, dala biotz utsez; eta ezta asko egiteko gogoa [asmua, adia] artutea; eta ain gitxi egingo leukealakoa eukitea [izatea]” (Irun).
Behin irakurri deutsagu idazle beroni adiagaz soziatiboa be, honako esaldian: “Urteten dabee euren erriti Bilborako, etc. mez’entzun bagarik, bertan gero entzungo dabeenen adiagaz, jakinik besteetan bere alan joanagaiti mezea galdu dabeela ta gero ara orduko ja meza guztiak joan zirean, ta meza bagarik geldituten dira” (Sermoiak II). “Gero entzungo dabeenen adiagaz”, hau da, ‘gero entzungo daben usteagaz’, ‘gero entzuteko amesagaz’.
Non daukan sustraia adia, adiak berba honek? Adi da izen mugagabea, adi-adi (egon) edo aditu aditzaren sustraian dogun hitz berbera. Adi egon esatetik adia hartu esatera ez dago alde handirik.
Euskerazko hiztegietan, Labayru Hiztegian idoro dot, beren-beregi ‘intentzino’ adiera hau jasorik, baina adibide zehe ugariakaz. Halan: “Adi gaiztoagaz dator: Viene con malas intenciones”. “Zuei gauza onak irakasteko adiagaz nator: Vengo con la intención de enseñaros cosas buenas”. “Zenbat denpora da ezkontzeko adia hartu dozula?: ¿Desde cuándo tienes intención de casarte?”. “Adiak hartu doguz Ameriketara joateko: Tenemos intención de ir a América”.
Entzule-irakurleoi itauna. Ezaguna al dozue adia berbea, adia hartu edo adiak hartu, edota zeozertarako edo nonorako adiagaz egon, nora edo hara joatea edo dana dalakoa?

5. Hondino be entzuten dan esakera bat: “HAZITARAKO”. Zer esateko?

Eusebio Abasolo arratiar madrildartuak bialdu deustan mezu batek emon deust honetarako oina. Eskerrak bihotzez, euskera-min dan erbestetu honi.
Hurrengo astean-edo sartuko nebalako oharra idatzi neutsan, eta akabuan txistentxo bat, zuhur-baldintza gisa: ‘bizi bagara’. Eta berba horri oratu deutso Eusebio Abasolo jaunak, eta kezkati erantzun deust:
“Aupa Adolfo. Zergaitik diñozu “bizi bagara”?. Beti aurrera!.
Zure erantzunek gogoratu doste txikiteko ipuiñe:
Gabon gaubean, familie batute pozik, eta osabea, beti alegrea dana, aititeri eta amamari esaten eutsen: “Eta zuek zer, EMEN AZITEKO?”.
Gu, umeak be bai, danok pozik, barreka, eurek osasuntsu egoten zirealako.
Bai lenau, kamaran edo arkan garien/artoan … aziek gordetan zirean, urrungo urtean eraiteko.
Orrexegaitik osabean esana: “Zuek, EMEN, AZITEKO?
Onegaz, berorreri be barrekada bat ataratea gure naunke.
Biok emen gauz “AZITERAKO”, beste urtebete gitxienez”.

Eskerrik asko, Eusebio.
Hazitako, edo hazitarako, ortuari eta solorako hazia, lehenago gaur baino gehiago, sarri gorde izan da. Batez be ‘hazi ona’ zanean.
Pertsonakaitik be, batez be zaharrakaitik, sarri esaten da: Hazitarako hemen ez gara betiko izango. Hazitarako hemen ez da inor geratuko. Inor ‘ez garala hemen hilezkorrak’ aditzen emoteko, harako esakune ezaguna dakar Labayru Hiztegiak: “no quedar para simiente de rábanos, no ser inmortal. “Zer uste dozu ba, hazitarako gertatuko zarala, ala?: ¿Acaso te crees inmortal?”. Geu be sarri entzunak gara horretarikoak.
Animalietan be, berariaz zaldi, moxal eta horrelakoetan be esaten da, arraza onekoa danean, moxal hau hazitarako. Bergaran Martin Elexpuruk jasoa da hurrengoa: “Hiru moxal dauzkagu, bi okelatarako eta bat hazitarako” (Bergara).
Beste arlo batzuetan be bai. Hara Labayru Hiztegiak dakarren esakunea: “Zertarako gorde behar dozu jake barria, hazitarako?: ¿Para qué guardas la chaqueta nueva, para simiente de rábanos? (bizk)

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular