Euskera Hobetzen: 'Soilik bai da baietz' barik 'Bai bakarrik da bai'

Euskerea hobetzen tartea

Euskera Hobetzen: ‘Soilik bai da baietz’ barik ‘Bai bakarrik da bai’

Eguraldia dala-ta hedabideetan entzuna: “Euria sartu du Atlantikotik” eta “Borraska sartu du Atlantikotik”. Zelan hobetu? Sartu dau ala sartu da?

Nire akorduan, eguraldiaren gorabeheran sartu aditza erabili ezkero, euria sartu dala, haizea sartu dala edo eguraldi txarra sartuko dala esango genduke, eta ez euria, haizea, eguraldi txarra edo denporalea sartu *dauela. Edozelan be, sartu ez da aditzik erabiliena fenomeno atmosferikoetarako.
Egia da izan, eguraldi-fenomenoakaz aditz batzuk dau erara jokatzen ditugu, aditz iragankorraz, da aditz iragangaitzagaz egin ordez, subjektu ergatiborik euki ez arren. Egin aditza dogu ohikoena: euria egin DAU, edurra egingo DAU gauean, txingorra egiten DAU ia egunero. Baina haizeagaz ez darabilgu aditz egitura hori. Ez dogu esaten: *haizea egin dau, ezpada haizea dabil, haizeak joten dau edo horrelakoren bat.
Aditzaren portakizun bera jagoten dabe, DAU laguntzaileduna, eguraldiaren inguruko honango aditzek be: argitu, ilundu, berotu, hotzitu, epeldu eta beste hainbatek. Neguan, udan baino askoz arinago iluntzen DAU esan daroagu. Edo: Asko hotzitu DAU lehengo hiletik hona. Neguan jente edadeko asko hegoaldera edo Kanarietara joaten da, han beroago egiten DAUELAKO, hemen baino gehiago berotzen DAUELAKO.
Baina sartu aditzera atzera etorrita, *sartu dau ez dot sekula entzun, bardin da euria, denporalea edo bisutsa dala. Eta sartu aditza eguraldiaren gorabeheran darabilgunean, “frente” bat sartzen danean (edo afruntua dagoanean), sartu DA esan daroagu, eta ez sartu *DAUelakorik.
Dakardan Domingo Agirreren pasartetxo bat dinodanaren indargarri:: “Ipargoiko haizea, gehiagoko barik, bat batera ta guztizko haserre amorratuan sartu zan Arranondoko erritxoan. Ag Kr 12. ” (Kresala).

Goiz jagi edo berandu jagitearen kontuan be hainbat esakune ditugu, ezta?

Gaztelaniaz ondo ezagunak dira honeetariko batzuk. Bat, askoren aho-mihinean entzuna: “Al que madruga Dios le ayuda”. Bigarren bat, ez hainbeste beharbada: “Para tener buena fama, madruga”. Eta hirugarren bat be polita: “Sol que mucho madruga, poco dura”.
Euskeraz, mezu diferenteak jalgi dira goiz jagitea dala-ta:
– Goiz jagitea eta loa kidetzen dituen errefrauen artean, batzuetan goiz edo berandu jagitea aurkakotzen dira, loz ase lokuzinoa erdian dala: “Goiz jagia, goiz gose; belu jagia loz ase” (EY 1709). “Goiz jaikia lo gose, berant jaikia, loz ase” (EY 1709).
Beste batzuetan, goiz jagitearen onurak goratzen dira. Euskeraz nahiz gaztelaniaz, ezaguna dogu oiloen irudiaz onduriko bertso taiuko hau: “Munduan nahi dauenak luzaroan bizi, oiloakaz ogera, txoriakaz jagi” (EY 548).
Goiz jagiten danak Jainkoa lagun izango dauelakoa gogoratzen deusku, gazt. zein euskeraz, hurrengo honek: “Goiz jeikitzen denari Jaunak laguntzen dio” (Zavala EEZZ 1390). [“A quien madruga Dios le ayuda].]
Goiz jagitearen alde on eta mesedegarritasunak nagusi dira atsotitzetan. Fortuna izenaz josita: “Goiz jeikizaleena izaiten ohi da fortuna” (Zavala EEZZ 1392).
Jagiera ona izatearen ontasuna adierazoten dau: “Jagiera onak inguruna ona” (EY 2474). Ondo lo eginda jagiten danak ingurua be gozotu egiten dauela.
Goiz jagi izanak lan eta zereginak aurreratzea be badakarz, esakuntza honen esanean: “Goizean goiz jeikitzen denak arratseko zerbeit egine du” (EY 1377).
– Jagitea eta egunsentia alkartzen ditu bestelako mezua dakarren honek: “Goiz jagia ezta egunsentia” (EY 1710). Eta bigarren hau be ildo berekoa: “Goiz-goiz jagi arren, ezta eguna goizago zabaltzen.” (Zavala EEZZ 1388). Gaztelaniaz: “No por mucho madrugar amanece más temprano”.
– Berandu jagitea dala-ta be badira errefrauak, horren desonurak adierazotera datozanak: “Berandu jeikitzen bazera, egunaz lanak atzera” (Zavala EEZZ 550).
Idatzi klasikoetan be badira goiz jagitearen oihartzunak. J. A. Uriarte idazleak: “Adiuntzaz ta goxago oetik jagi, asi baga eguna nagitasun ta alper usainagaz” (Mariaren Illa). Eta J. A. Mogelek: “–Nos jagi zinean bada zeu? –Goisabar edo egun usaiñagaz batera; ta belu neritxon beste egunetakoen aldean” (Peru Abarka).

Gaztelaniaz ezagun egin dan eslogana: “Sólo sí es sí”. Euskeraz?

Baiezka zein ezezka sexu-erasoen kontrako esloganak, gaztelaniaz bat eta bakarra dira: “No es no” eta “Sólo sí es sí”. Baina euskeraz, erderazkoa euskeratzera behartuta gagozanez, udagoieneko perretxikoak lez ugaritu dira esaera-formula diferenteak.
Administrazino gune batzuetatik soilik edo bakarrik adberbioa aurrean dala garatu da eslogana: Batean: “Soilik bai da bai”. Bestean: “Soilik bai da baietz””. Hedabide publikoetan bakarrik aurretik dala entzun dot gehiago: “Bakarrik bai da bai”.
Esate-moduoi oker-egote zigilurik erantsi barik, euskal hizkuntzaren sintaxi onean, bakarrik adberbioa, aurre-aurrean barik, Bai hitzaren ostean ipinita egokiago ikusten dot nik. Eta joskera jator honegaz be entzun dot, bai Euskadi Irratian, bai Bizkaia irratian. Era bi honeek behintzat: “Bai bakarrik da bai” eta: “Bai bakarrik da baietz”.
Goragoko eslogan biak, esaldi hasieran soilik ipinita, edo bardin bakarrik bestearen ordez ipinita, ez dogu gaurko eredu oneko sintaxian egokitzat epaitzen.
Behin baino gehiagotan aitatu dogun puntua, aukera diferenteak eskeintzen dituana, baina soilik edo bakarrik esaldi hasieran ipinita, ez dau polito emoten euskaldunon gogoan, belarrietan, ez begietan.
Baietza esateko, bai eta baietz berbakaz jositako eslogan hau, ezetzerako lehenago garatu zan “No es no” dalakoaren ostean dator. Eta lehengo astean bertan irakurri dot, euskeraz zuzen eta ederto esanda dagoan euskerazko eslogan hau, ezetzaren ingurukoa: “Ez ezetz da”. Emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko nazioarteko eguna eta kanpaina dala-ta, gure alderdi politiko batek argiratu dauen eslogana.

Oraintsu edadeko bati entzuniko esaldia: “Basi-basi eginda ailegau da mutikoa etxera”. Basi-basi egin, edo basi egin, ze esanguragaz erabilten dogu?

Laura Uruburu irakasleak bideratu deustan berbea. Barrutian, batez be amak, sarri erabilten ebala-ta, basi berbea.
Basi hitza, batzuetan izena, beste batzuetan adjektiboa dogu. Eta sarri be sarri, aditz multzo barruan darabilgu: basi egon, basi egin, basi-basi egin modukoetan. Eta basi berbatik garatu da basitu aditza be.
Basia, izena danean, gai edo materia likinaren adierazgarri da. Jateko kontuan entzuten da sarri, “saltsa, untoa” adieraz. Sartaginekoa jatean, txintxarra edo txintxorta, atzamarrak basitu edo basi-basi egiten dira sarritan. Sopelako berbetan batuta daukat: basiko egitea, gazt. ‘unte’. Zartaginekoa jatean, ogiaz basiko egitea.
Zamarripak Sondikako berbetan esangura berorregaz baturik dakar. Eta Orixek, Tormesko itsumutila (Lazarillo de Tormes) itzuli ebanean, esaldi hau erabili eban: “Basi hobeagaz jaten dok hik” esan neban ixilik” (“Con mejor salsa”). Orixe idazlea da hitz honen biziemoile handienetariko bihurtu zan: “Katalin onek, etxera eta, / garbitzen du zartagia, / deabrûk ere ez luke jakinen / zertaz egin dun basia”. (Orixe Euskaldunak). Eta Raimundo Olabidek Bibliaren itzulpenean: “Hurbildu honara: jan ogia, ta otamena basian busti ezazu” (Ruth 2, 14) (Ker saltsan).
Frai Bartolomek hau idatzi eban behin: “[Ortu] bidetako autsak edo basiak […] eta laino astunak zetakatua, zimeldua edo orri igartua” (Ikasik II).
Adjektibo modura be ezaguna da basia, likina.
Eta emakumeen inguruan be irudi-esanguraz erabili da basi berbea. Azkuek Nafarroan (AN): “mujer abandonada” adieraz. Eta adiera moral gaitzesgarriaz be: “Gero [neskatxa] utzi, lasai, basi, lastaira, banarrota, ballesta, zarabanda izatera bat etortzen dan bidea, oik dira” (Azkue Euskalzale 1897).
Aditz modura honako egiturak garatu dira basi berbeaz:
– basi egin, ‘untoa egin’ platerean edo zartaginean. Sopelan behin batu neban: Ogiagaz basi eginda jaten da gozo sartenekoa. (Agurtzane Iturregi).
– basi-basi egin, ‘lohi-lohi, zikin-zikin, likindu’, gazt. ‘embadurnar(se). Orioaz, saltseagaz, eskuak basi-basi egin. Basi-basi egin dodaz atzamar guztiak… Baina basa artean, lupetzartean, uretan be basi-basi egin leiteke bat, gazt. ‘calarse completamente’. Umeak uretan ibili dira eta basi-basi eginda etorri dira.
– basitu: likistu, zikindu, lerdatu; ‘embadurnar’. Eskuak guztiak basitu dozuz mantekileagaz (gurinagaz) (Morga). Bigarren adierea, basaztu, basaz bete. “Basituta etorri dira umeak etxea” dinogunean, basaz beteta, lupetzan zikin-zikin edo lohi-lohi eginda etorri dirala esan gura da.
Gabon aurrean gagozanez, odolosteen irudia jatort gogora. Odolesteak egiten jakin egin behar dala entzuten neban lehen Barrutian. Odolosteak, edo bardin albondigak edo oreagaz egiten diran jakiak, ondo egin daitezan, egitarin egon ez daitezan, “maseak” berak ondo eginda egon behar dauela, trinkoa izan behar dauela esaten dabe; ez dauela egon behar likin antzean, ez dauela egon behar basi.
Irrati-entzule euskerahobezaleoi itauna: ezagunak dozuez basi, basi-basi, basitu berbak? Zer esateko? Zein esalditan?

Bagileko irratsaioan aitatu genduan mahatsa euki lokuzinoaren balioa, ‘nahastea, saltsea, zarraparrea’ aditzen emoteko. Baina gure euskeraonzale batek mahatsa dala-ta izen honen beste esanguraren bat be aitatu deuskue, ezta?

Bai, horixe. Entzule eta irakurleak ditugun seinale.
Marisa Barrena euskalzalearen mezu hau jaso dogu Durangotik. Etxean entzuna ei dau: “Hartu dabe mahatsa eta ezin dozak altza”. Zornotza aldean entzuna, segurutik. Mahatsa, horko esanguran, ‘mozkorra, mozkor handia’ da.
Eta hara, ze gauza kuriosoa. Aspaldi argitaratu eban Balentin Enbeita Muxikako Ariatzako bertsolari finak Nere apurrak bertso-txorta liburua, eta hara zer idatzi eban berean bertsoz: “Goizean zuria ta / atsaldian baltza, / eten bako txurrutai / han ekiten dautsa; / hartzen dabe mahatsa, / ezin dira altza”.
Eta Mungiatik Isidro Elgezabal jaunak beste hau erantsi dau: Mahaspasa erabilten ei dabe eurek mozkor handia aditzen emoteko; Labayru Hiztegiak be baturik dakarren esangurea.

Lehengo astean zer jantzi eta zer erantzi, zer ipini eta zer kendu, erabili genduan autua “Euskera Hobetzen” tarte honetan. Mezuren bat be jaso dogu, ezta?

Halan da, bai. Juan Ramon Legarreta Bilbao jaunak bialdu deusku Leioatik mezu polit hau. Dino: “Egun on, adiskide agurgarriak. Juan Ramon Legarreta naz, Leioako seme. “Jantzi” “Erantzi”dala eta, esan behar dot, gurasoen etxean, ama difuntek gehien bat, egunero erabilten ebazala berba horreek. “Erantzi soinean dekozuzan erropak, gaur ” bogade” egingo dot eta. Edo neguan euriagaitk etxeko baten bat mela-mela eginda heltzen zanean, arin baino arinago esaten eban, “Erantzi” erropa horreek eta “Jantzi” siku batzuk, txape ondoan egoteko, hotakilik zatoz eta.”
Eskerrik asko esan, Juan Ramoni.

Hedabideetan entzuniko esaldi bat, abiatu aditzagaz: “Orain hiru urte abiatu genuen bide hau”. Zelan hobetu? Abiatu genduan bidea? Abiatu ginan bide honetatik? Ala zelan?

Hasteko esan daigun aditz bi ditugula, banangoak, baina ia bardin ahoskatzen ditugunak, eta esangora banangoak dituenak.
Bat da abeau, Urdaibai aldean abiau ahoskatzen dana, “barruntau, susmau” esangurakoa, gazt. ‘percibir’. Halan: Goxaldeko seiretan abeau dot etzera sartzen. Autoan motor-zaratie abeau dot etze ondoan.
Eta bestea abiatu/abiau aditza, “hasi, abian edo martxan ipini” esangurakoa. Bigarren honi dautsa goiko esaldia. Esaldi horretan, “Orain hiru urte abiatu genuen bide hau” dalakoan, zuzen erabilirik dago abiau / abiatu aditza. Gazt. “emprender, poner en marcha” aditzen emoteko, ekimen bat abiau ebela dalako batzuek. Gure klasikoetara jo ezkero, hara Pedro Astarloa durangoarrak idatziriko esaldi hau: “Abietan dabe erromatarrak inos euki eben gerrarik gogor, krubel eta luzeena” (UD II).
Baina abiau dau herri-berbetan eguraldi kontuan be polito erabilten da. Ez da aspaldi Pedro Aurrekoetxeak Erandiotik esaldi hau bialdu euskula: “Euri anpuiluak abiaten ditu.” (2019-II).
Abiau/abiatu da/dira dinogunean, nora edo hara joateko, bidean “martxan parauko” garala esateko da batzuetan. Tabernan luzaroan lagunarte gozoan egon ondoren, batek esan lei: “Etxe aldera be abixau ein biakou, berandu da ta”. Idatzietan be hauxe dogu ugariena. Halan: “Ibiltzen abiau nintzaneko, ordurako eguzkia Mugarraren kokotean erdi-ezkutauta egoan” (Atalak).
Baina zeozer egitera joateko darabilgu sarrien abiau aditza, zeozer egiteko martxan jarri, ekintzaren bat egitera. Halan: lanean abiau, burrukan abiau, kantuz abiau, norbere zereginetara abiau eta beste. Burrukara doazen aldren jarrerea adierazoten dau batek: “Abiau ziran alkarreganuntz hurreratuaz. / Sua daroe amorraturik barruetan” (AB AmaE).
Labur esanda: abiau aditzaren erabilgunerik ugarienak da aditzagazkoak dira, zeozer egitera abian paretan garanekoak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular