Ia bi urte igaro dira Eutanasiaren Legea onartu zanetik. Lehen 12 hilabeteetan, Osakidetzak 15 pertsonari bermatu eutsen hilteko laguntza medikoa, gehienak 65 urtekoak. Iaz, eskaera-kopuruak gehitu ziran eta 24 lagun hil ziran eutanasiaren ondorioz. Horreen artean Mary Jou Barrera dago, eutanasia jasotea erabagi eban emakume honek. Hainbat iktusen ostean bere bizitzea gurpil-aulki batera mugatu eta guztiz mendeko bihurtu zan. Zuriñe Elejalde, bere zaintzailea, prozesu osoan zehar beragaz egon zan pertsonea izan da eta Goizeko Izarretan izan dogu. “Pertsona erabat independentea zan, baina ikusi ebanean edozertarako laguntzea behar ebala (telebista jarteko, ura edateko…) gauza sinpleenetarako be, erabagi eban ez ebala holan bizi gura.
Mary Jouk erabagia hartu ondoren, Elejalde alkarte bategaz harremanetan jarri zan prozesu osoa zuzentzeko. Elejaldek dino prozesua oso gatxa eta gogorra izan zala, baina, aldi berean, asko ikasi ebala. Gainera, familiak une oro babestu eban, eta, beraz, dana errazago egin eban. Halanda be dino, alabari kontetea gauzarik zailenetako bat izan zala Mary Jourentzat. “ Gutun bat idazteko esan geuntsan, esan behar jakon guztia kontetako, eta, irakurria ebanean, haregaz berba egiteko alkartzeko” gaineratu deusku Elejaldek.