Familia eta lagunak dira oinarri Garazi Albizuaren Egunen Akabera lan barrian. Erein argitaletxeagaz kaleratu dau idazle santurtziarrak bere azken lana. Maitasuna, beldurra, indarkeria… gaiak nagusitzen dira, baina, familia eta lagunak dira ardatz. Egileak esan deuskunez erronka izan da egunerokotasunean familia eta lagunak agertzea. Indarkeria matxistea agertzen da Egunen akabera lanean. Fikzinoa izan arren, erreala izan behar zala eta, egileak hurretik ezagutu dauz aurretik ertzaintzaren komisaldegietan izaten diran salaketa gelak eta horrez gain, Ane Lekandagaz be izan da kasuak hurretik ezagutzen. Lekanda, psikologea da, kriminologoa eta feminista.
Istorioa
Istorioa, bere jaioterrian, Santurtzin kokatzen da. Barras izeneko hamasei urteko gaztea da protagonistea. Familia bitxia dauka. Otakito da bere neba eta Elene arreba. Honek seme bikiak daukaz. Amama kondairazalea dauka, birramama diktatoriala, ama, aspaldi olagarro bihurtutakoa da eta aita erregea. Isiltasuna da nagusi bere etxean eta aitortu ez dauan arren beldurra deutso munstroari. Dana dala, Youssef eta Euskolabel lagunei esker aurrera egiten dau. Bere lagun minak, bere zaintzaileak dira. Belaunaldi asko agertzen dira istorioan eta umore handia dauka protagonistak, egilearen esanetan umore baltza. Gazte eta helduentzat izan daitekeen eleberria da Garazi Albizuaren Egunen Akabera.