Gabonaldia urteko sasoi berezienetakoa da, eta Bizkaian ohitura zaharrek eta gaur egungo praktikek bat egiten dabe etxe askotan. Eske-errondak, familiak alkartzea, erritu sinbolikoak edo jai-otordu bereziak dira garai honetako ezaugarrietako batzuk. Gai horien inguruan jardun dogu Lau Haizetara irratsaioan Akaitze Kamiruaga Labayru Fundazioko zuzendariorde eta Herri Ondare arloko arduradunagaz.
Kamiruagaren esanetan, Gabonak aspaldiko errituek markautako garaia izan dira betidanik. Eske-errondan ibilteko ohiturea, esaterako, ez da Gabonetakoa bakarrik. Urteko beste sasoi batzuetan be egiten da, berbarako, Santa Ageda edo inauterietan. Gabonetan, barriz, Marijesiak dira erronda horreen adibiderik ezagunenetako bat, batez be, Gernika inguruan, goizaldean kalerik kale abesten diranak. Gaur egun, barriz, Olentzero da zabalduena. Urtebarri edo Errege egunetan be egiten ziran eske-errondak, umeakaz lotuta. Etxe inguruan, auzoan, gitxien eukienek kantuan eskean ibilten ziran, gero euren artean ospakizun txiki bat egiteko.
Familiak alkartzea izan da Gabon gauaren ardatzetako bat, eta Kamiruagaren ustez, ohitura horrek hondino be indarrean jarraitzen dau neurri handi baten, nahiz eta oporretarako bidaiak gero eta ohikoagoak izan. Tradizinoz, kanpora ezkondutako seme-alabak Gabonetan bueltatzen ziran etxera. Sasoi baten morroi edo neskame lez ebilzan seme-alabek Gabonetan etxera itzultzeko baimena izaten eben, eta ganera, beharrean egozan etxeko jaubeak emondako gabon otzareagaz itzultzen ziran, askotan opariak eta janaria ekarriz.
Gabon gaueko erriturik berezienetako bat ogi salutadorearena da. Afal aurretik egiten dan erritu honetan, familiako kide nagusienak ogia bedeinkatzen dau, mosua emoten deutso, zatitxo bat kentzen deutso eta zati hori mantelaren azpian gordetzen da. Hortxe egongo da familiak afaldu bitartean, eta gero, ogi zati hori urte osoan gordetzen da eta usteldu barik mantentzen da, ez da alperrik galtzen. Osasunagaz eta babesagaz lotutako esanahia dauka.
Gabon-mukurraz, Gabon gaueko menuaz, edota Urtebarri eta Errege egunetan txokolatea gosaltzeaz be aritu gara Akaitze Kamiruagagaz. Amaitzeko, kristau kutsuak indarra galdu dauan arren, tradizino horreen jatorria ezagutzea eta horreen inguruan berba egitea garrantzitsua dala azpimarratu deusku Kamiruagak.
