Galizia, Flandria eta Rif eskualdeko taldeak arituko dira gaur eta bihar Galdakaon, Musika Bizian jaialdian. Andra Mari dantza taldeak antolatzen dauan jaialdia da honakoa. Aurten, hamabigarrenez egingo da. Nazinorik gabeko herrialdeen musikea eta kulturea izaten dira ardatz jaialdi honetan. Andra Mari dantza taldetik, Xabi Ealok esan deusku, eurentzat oso aberasgarria izaten dala ekimena, beste kultura batzuk ezagutzeko erea eskaintzen daualako. Musika Bizian, jaialdi erreferente bihurtu dala be esan deusku.
Egitaraua
Gaur, Galdakaoko Iturrondo plazan, Galiziako Faltriqueira taldea arituko da. Bost emakumek osotzen dabe. Ahotsa da talde honen ezaugarri nagusia, panderoez lagunduta. Galiziako musika tradizionalean talde garrantzitsuenetarikoa da. Euskal Herriko taldeak be izaten dira Musika Bizian jaialdian. Gaur, Hendaiako Kalakan arituko da. Bihar bestalde, Flandriako Enbrum folk taldea eta Rif eskualdeko Agraf taldea izango dira, Zuberoako Xiberoots-egaz batera. Enbrum, 2003. urtean sortu zan eta Europako eszenan, oihartzun handia lortu dau. Tradizinozko doinuak XXI. mendeko erritmo progresibo eta modernoakaz buztartzen dabez. Agraf taldea bestalde, Rif eskualdeko doinu eta musika tradizionalak, folk eta rock garaikideagaz nahasten dauz.
Bihar goizean, artisau eta luthierren azokea izango da Galdakaon. 10-12 artisau batuko dira bertan. Umeentzako tailerrak be eskeiniko dira. Gaur bestalde, Taberna Ibiltaria izango da Iturrondon eta bihar kalez kale, Iruñeako Ortzadar fanfarria ibiliko da.
