Leioak 500 urte bete dauz, eta urteurren berezi hori ospatzeko, Udalak hainbat ekitaldi antolatu dauz urriaren 30erako eta 31rako. Leioa Egunean, barikuan, herriko alkarteak omenduko dabez Artatza jauregian, eta GAUDE alkarteak jasoko dau Leioa Eguneko saria. Zapatuan, barriz, herritarrak izango dira protagonista, Leioaren iragana, oraina eta etorkizuna, musikearen, dantzearen eta herri-ekimenen bidez ospatzeko. Iban Rodriguez alkateak Bizkaian Irratian esan dauanez, urteurrenak herri-nortasuna indartzeko eta herritarren arteko kohesinoa sendotzeko balio izan dau.
Leioak azken bost mendeotan izan dauan bilakaerea nabarmendu dau Iban Rodriguezek. Herri txiki izatetik, azpiegitura sendoak daukazan udalerri modernoa izatera pasau da, alkatearen esanetan. Auzo bananduak izatetik, herri bateratuagoa izatera. Hurrengo urteetarako erronken artean, alkateak herritarren arteko bizikidetza sendotzea eta udalerriaren nortasuna indartzea aitatu dauz. 500. urteurrenaren helburuetako bat, hain zuzen, leioaztarren arteko loturak estutzea izan da. Herriko alkarteek eta alkarte horreetako kideek ekarpen handia egiten deutse Leioari. Eta horregaitik, aurten protagonismo berezia emon deutse herriko alkarteei.
GAUDE alkartearentzat Leioako Eguneko saria
Urriaren 30ean (20:00etan) Leioa Eguna ospatuko dabe Artatza jauregian. Udalerriko alkarteak omenduko dabez bertan, eta Leioa Eguneko saria banatuko da. Aurten GAUDE alkarteak jasoko dau saria. Leioan errotutako alkartea da GAUDE, eta adimen-desgaitasuna daukien pertsonei eta euren familiei laguntzen deutse. Iban Rodriguezek alkarteak egiten dauan lana nabarmendu dau, baita herriko jardueretan eta ospakizunetan daukan parte-hartzea be. Alkatearen esanetan, GAUDEren jarduerak erakusten dau pertsona guztiek daukiela gizartean parte hartzeko aukerea, eta aniztasuna ez dala oztopo izan behar. Horregaitik, alkartearen lana aitortzeaz gain, gizarte inklusiboagoa eregiteko egiten dauan ekarpena nabarmendu dau.
Urriaren 31n urterreneko ekitaldi handia
Zapatuan, Leioak altxor bat dauka ekimena egingo dabe goizean. Ekimenaren bitartez, gaur egungo umeek eta euren familiek euren bizitzako oroitzapenak, argazkiak, ideiak, proposamenak eta ametsak gordeko dabez tuper baten, eta lurperatu egingo dabe, 25 urte barru berreskuratu ahal izateko. Parte hartu gura daben familiek Leioako Udalera jo behar dabe izena emoteko eta tuperra jasotzeko.
Arratsaldean, musikea, dantzea eta herri-giroa nagusituko da. 20:00etatik aurrera, Kultur leioaren ondoko Errekalde plazan egingo da urteurreneko ekitaldi nagusia. Musika- eta dantza-emonaldiak buztartzen dauan ikuskizuna egingo da: Leioa Ikusezina. Ikuskizunaren amaieran, azken tuperrak modu sinbolikoan lurperatuko dira. 500 herritarrek parte hartuko dabe, Leioaren historiako urte bakotxeko pertsona bat irudikatuz.

