Gari & Maldanbera taldearen 'Behin bizitzea' disko barria kalean da

Apirilaren 18an Bilboko Azkuna Zentroan aurkeztuko dau 'Behin bizitzea' lana

Gari: “Momentua zan patxadaz egiteko disko bat”

Garik eta Maldanberak estudio lan barria kaleratu dabe: Behin bizitzea (Elkar). Garik 30 urte baino gehiago daroaz bakarka, baina neurri handi baten, bere ohiko banda bihurtu dan Maldanberagaz: Alex Alonso (bateria eta programazinoak), Oier Aldekoa (baxua eta ahotsak) eta Miguel Moyano (gitarra, programazinoak eta ahotsak). Oraingoan, gainera, Iker Lauroba (tekladuak eta ahotsak) batu jake. “Talde lanean oinarritu dot disko honen produkzino osoa, indartu gaitu talde lez”.

Gari 2021ean hasi zan diskoa prestatzen, hasierako ideia nahiko argi bategaz. “Baina bizitzak badaukaz bere ezustekoak eta ezusteko horreei, intuizino aldetik kasu eginez, joan gara bihurgunez bihurgune proiektu hau gauzatzen. Azkenean disko argitsu bat geratu jaku, non konbitea luzatzen deutsagu entzuleei lasaitasunez entzuteko”. Legazpiko abeslariak zazpi kantu barriren aldeko apostua egin dau, letra oso bereziakaz. Horietako gehienak egile ezagunak idatzi dabez, hala nola Karmele Jaio, Txuma Murugarren, Jon Benito eta Iñigo Astizek.

Behin bizitzea 2024ko zezeilean grabau eta masterizau da Elkarrek Adunan daukan estudio barrian, Victor Sanchez ingeniariaren gidaritzapean. Nahasketak, barriz, Unai Mimenzak egin dauz. Gariren esanetan, “inoiz ez naz hain gustorago izan estudioan. Diskoak grabatzerakoan beti ikusi dodaz arazoak, beti zentrau dot nire begiradea arazoetan. Oraingoan dana izan da disfrutatzea”.

Bira Behin bizitzea 2024

Behin bizitzea diskoaren aurkezpen bira martiaren 21ean hasiko dau Gari & Maldanberak. Donostiako Victoria Eugenia Antzokian izango da lehenengo emonaldia. Halanda be, martiaren 15ean, ekitaldi berezia ospatu zan Bilboko Arte Eder museoan. Musika-topaketea eskaini eban museoak, eta bertan Garik Behin Bizitzea disko barriko kantu batzuk jo ebazan. Apirilaren 18an barriz, Gari & Maldanberak Bilboko Azkuna Zentroan aurkeztuko dabe album barria. Eta hortik aurrera, taldea herriz herri ibiliko da urte osoan zehar.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular