Komunidadea alkartzea, harremanak sortzea eta giro ona sustetea dira ekimenaren helburu nagusiak

Boluntarioen lanari eta hainbat ekarpen txikiren bidez finantzatzen dabe jaialdia

Gernikak reggae eta rocksteady doinuekin ospatuko dau XIV. Rudelari Eguna

Gernikako Rudelari Eguna ospatuko dabe bihar, hamalaugarren urtez jarraian, reggae eta rocksteady musikaren bueltan. Gernikako Rudelari taldeak antolatutako jaialdia Astran eta Aterpe tabernan egingo dabe, eta egun osoko egitaraua prestau dabe. Peio Ortiz de Euba taldeko kideak azaldu dauenez, musikaz gan, komunidadea alkartzea, harremanak sortzea eta giro ona sustetea dira ekimenaren helburu nagusiak.

Jaialdia Gernikan reggae eta punk edo rock musikaren zaletasuna eben hainbat lagunek sortu eben, musika estilo horreek alkartu eta herrian zabaltzeko asmoz. Urteetan, egitasmoa aldatzen eta egokitzen joan da, baina autogestioaren filosofiari eutsi deutsie. Boluntarioen lanari eta hainbat ekarpen txikiren bidez finantzatzen dabe jaialdia, eta tokiko taldeei zein musikari gazteei eszenatokian aritzeko aukera emotea dabe lehentasun.

Egitarauari dagokionez, goizean Gernikako hainbat tabernatan barrena ibiliko dira, musika eta pintxoak lagun. Ondoren, bazkaria egingo dabe Aterpen, eta arratsaldeko zazpietatik aurrera kontzertuak izango dira. Besteak beste, Bermeoko proiektu barri batek, Estorninos taldeak eta Mrs. Clamps taldeak joko dabe. Gainera, aurten emakume jamaikar artistek sortutako musika be izango da protagonista, emakumeen ekarpena aldarrikatzeko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00