Eskola Jazarpen eta Biolentziaren Kontrako Eguna, ziber-erasoak barne, da zemendiaren 5a. Goizane Laiseka Gernikako San Fidel Ikastolako alkarbizitza arduraduna da eta beragaz bat egin dogu Bizkaia Irratiko sintonian. Eskola jazarpenak kezka handia eragiten dau eskola komunidadean: “Gogorra da pentsetea ikasle bat eskolara bildurragaz etor daitekela”. Teknologia barriek eskola jazarpenean eragin nabarmena euki dabe: “Beste dimentsino bat emon deutsie auziari. Ikasleak hezi behar doguz teknologia modu arduratsuan erabilteko“. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak 2017an martxan jarritako ekimena da Bizikasi. Bizikasik erantzun orokor eta integratuagoa emon gura deutso alkarbizitza positiboa garatzeko eta jazarpena errotik ezabatzeko euskal ikastetxeetan urteetan zehar abiarazotako hainbat proiektuei: “Bizikasik ikuspegi zabala dauka eta prebentzinoan zentretan da, batez be”.
