Laugarren edizinoan Gorka Urbizu eta Olatz Salvador dira kartelburu; Broken Brothers Brass Band-ek eta Zuga-k be eskainiko dabe zuzenekoa

Garagarrilaren 17an izango da hitzordua Gernika-Lumoko Europako Herrien parkean; sarrerak agortuta dagoz

Haziberri, urteroko zita berezi lez egonkortu dan festibala

Haziberri jaialdiaren aurkezpena / Bizkaia Irratia

Badator Haziberri jaialdia beste urte batez. Laugarren urtea da eta egonkortze bide honetan Euskal Herriko agenda musikalean zita berezia izatera heltzeko helburuagaz dator. Pandemia garaian sortutako lehenengo edizinotik (2021. urtetik), urterik urte ikuskizuna eta ikusleen esperientzia hobetzen joan dira ikasitakoaren poderioz, pertsonak eta egiteko moduak zainduz. Izan be, Gernikako musika jaialdi honen helburua balio berezia daukien lekuetan kalidadezko ikuskizunak eskaintzea da, espazioa errespetatuz eta espaziora moldatuz.

Garazi Llona antolakuntzako kideak Bizkaia Irratian azaldu dauanez, “musika festibal batetik haratago doa, egiteko moduak desbardinak diralako, ikuskizuna bera oso ondo zaintzen, detailetan pentsatzen, lekua bera be berezia da”. Haziberri jaialdia Gernika-Lumoko Europako Herrien parkean egiten da.

2024ko musika proposamena

2024ko Haziberri jaialdiako kartelburuak Gorka Urbizu eta Olatz Salvador dira. Lekunberriko musikaria oso ezagun da bere ibilbide oparoagatik. Hainbat musika talderen parte eta sortzaile izan da: besteak beste, Berri Txarrak, Peiremans + eta Katamalo. Orain hilabete batzuk bakarkako diskoa aurkeztu eban (Hasiera bat), astiroago, presarik barik ibilteko aldarrikapena luzatuz. Garazi Llonak azpimarratu deuskunez, Haziberrik lantzen dauazan kontzeptuak bat egiten dau Gorka Urbizuren proposamenagaz. Hori dala-eta, antolakuntzakoek argi eukien aurtengo edizinoaren parte izatea gura ebela eta holan luzatu eutsen Urbizuri proposamena.

Jaialdiko bigarren eskaintzea Olatz Salvador da. Musikari donostiarrak hainbat urte daroaz musika eszenan morgilduta. Skakeitan taldean hasi eta gerora, bere bakarkako pare bat disko argitaratu dauz: Zintzilik (2018, Airaka) lehenengo, eta Aho uhal (2021) ostean.

Festibala zabaltzeko ardurea Asier Zugadi bakarlari gernikarrak izango dau, bere Zuga proiektuagaz. Hainbat taldetan ibili ondoren, bere bakarkako bidea martxan jarri dau. Eta Broken Brothers Brass Band da Haziberri jaialdiko musika eskaintzea osotuko dauan azken taldea. New Orleans-eko doinuak sortzen dauazan talde iruindarrak Euskal Herriko hainbat kale, areto eta jaialditan jo dau.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00