Urteak daroaz Euskal Herriko Pentsinodunen Mogimenduak gitxieneko pentsinoa 1.080 eurokoa izateko eskatzen.
1.080 euroko gitxieneko pentsinoa 14 ordainsaritan. Gaur egun Hego Euskal Herrian 1.080 eurotik beherako pentsinoa jasoten daben 218 mila pentsinodun dagoz Hego Euskal Herrian, horreen artean gehienak andrak dira. Ana Mezo Euskal Herriko pentsinodunen alkarteko kidea alkarrizketatu dogu gaur Goizeko Izarretan saioan.
Momentu honetan pentsinoen ganeko eskumena Espainiako Gobernuak dauko, baina Madrilek 1080 euroko gitxieneko pentsino hori emoten ez dauen bitartean, Jaurlaritzak eta Nafarroako gobernuak osagarri bat ordaintzea aurreikusi dabe pentsindunen alkartean. Txostena egin dabe hori zehaztuz, eta Jaurlaritzari eta Nafarroako gobernuari bialdu deutse. Erantzunaren zain dagozala esan deusku Mezok eta hurrengo egunetan Jaurlaritzako alderdi politikoakaz batzarrak eukiko dabezala. Hori bai Pedro Azpiazu sailburuak aurrekontuen negoziazinoak amaitutzat emon izanak itxaropen handirik ez deutsela emoten esan dau Ana Mezok.
Pedro Sanchezek bere inbestidura saioko berbaldian esan eban pentsinoak KPIaren arabera kalkuletan jarraituko dabezala. Horregaz batera pentsinoen funtsa hornitzeko diru ekarpen zehatza iragarri eban. “Sanchezen berbak ondo dagoz baina berbetatik ekintzetara pasau behar da” esan dau Ana Mezok.