
Apirileko azken Herriz Herri saioa Dimako artisau, nekazari eta ganadu azokatik egin dogu. Nahiz eta eguraldia lagun ez izan, bertara hurbildu diranak aterruneak aprobetxatu dabez postuak bisitatu, bertoko produktuak erosi eta ganaduari begirada bat emoteko.
Guk hainbat gonbidatu izan doguz saioan zehar. Lehenik eta behin, Jose Mari Atutxa Dimako alkateagaz egon gara. Ostean, Jose Ignacio Petralanda Dimako ganaderoen zuzendariagaz egon gara eta lehen ordua amaitzeko, Igor Zuazo etorri da gurera, azken hiru urteetako Euskadiko txorizo onenaren saria irabazi dauen harakina. Bigarren orduan, barriz, Luis Prieto dimoztarra euki dogu, SD Eibarreko prestatzaile fisiko ohia eta Athleticeko jokalari ohia. Eta saioa amaitzeko, Mentxu Amunategigaz batu gara, Gamiz Biolandareak-eko beharginagaz.