“Idatzi/Editatu/Irakurri” lelopean aurrera jarraitzen dau Gutun Zuria jaialdiak. Martitzenean hasi zan letren nazinoarteko jaialdiaren hamabostgarren edizinoa eta zapatuan amaituko da. Anjel Lertxundi eta Cristina Rivera Garzak BBK Gutun Zuria saria jaso eben aurretik eta idazle bien solasaldiak eskeini dira edizino honen lehen egunetan. Iban Zaldua, Miren Narbaiza edo Manuel Rivas izan dira orain arte eta gaur bertan esate baterako, Uxue Apaolaza, Irene Pujadas eta Beñat Sarasola izango dira alkarregaz. “Kontaidazu ipuin bat” izango da gaia hiru honeen artean. Apaolazak esan deusku, nobelak baino intentsoagoak direla berarentzat ipuinak
Jon Gerediaga, Iñigo Martinez eta gehiago
Bihar, arratsaldeko bost ta erdietan Bastida Aretoan, Jon Gerediaga eta Iñigo Martinezen arteko solasaldia izango da. Idazleak dira biak eta filosofía irakasleak be bai. “Ahopean esan” deitzen da euren arteko solasaldia. Eguneroko zaratatik ihes egin ahal izatea planteatuko dabe. Pol Guasch, Munir Hachemi, Leire Bilbao, Sara Torres, Elvira Navarro, Eider Rodriguez, Katixa Agirre, Bob Pop edo Alba Carballal idazleak izango dira zapatura bitartean hamabostgarren Gutun Zurian Bilboko Azkuna zentroan. Solasaldiez gain, ikus-entzunezkoak, tailerrak, topaketak edo liburuen aurkezpenak be badira. LiburudendAZ be zabalik dago egunotan. Bertan erosi ahal izango dira Gutun Zuria Bilbaon parte hartzen daben egileek liburuak. Bestalde, ikusgai dago “Salda Dago!” erakusketea be. Andrea Ganuza Charlotte Gosselin eta Clara Chotil ilustratzaileak dira egileak. Hiru istorioz osatutako erakusketa hau maiatzaren 14ra bitartean ikusi ahal izango da. Eta Gutun Zuriak irauten dauan bitartean, Mama Crea konpainiak “Desiderata“kale antzerkia eskeiniko dau Bilboko hainbat gunetan goizez eta Kulturen atrioan arratsaldez.