Ikerbasqueren Research Fellows programearen edizino barria martxan dago. Aurtengo deialdian 15 zientzialari gazte kontratauko dabez. Miguel Arocena Ikerbasqueko gerenteak Bizkaia Irratian nabarmendu dauanez, Euskadik urteak daroaz ikerketa-ekosistema indartzen. Helburua da ikertzaile gazteek hemen lan egitea eta hemen finkatzea. Horretarako, Research Fellows programearen bitartez, bost urteko kontratuak eskaintzen deutsez eta kontratu hori amaitu orduko, ebaluazino bat egiten jake partehartzaileei. Ebaluazino hori gainditzen daben gehienek kontratu iraunkorra lortzen dabe Euskal Herrian.
Emakumeak eta euskal ikertzaileak bultzatzeko apustua
Aurtengo deialdian emakumeen partehartzea sustatzea eta atzerrian lanean dabilzan euskal ikertzaileak itzultzea dira lehentasun nagusiak. Arocenak nabarmendu dauanez, Research Fellows programearen kasuan, emakumeen eta gizonen partehartzea parekatuta dago, eta hori positibotzat jo dau, zientziaren alorrean genero bardintasuna lortzeko bidean.
Hautagaiek doktoretza eginda izan behar dabe, eta nazinoarteko esperientzia baloratuko da. Programak batez be Euskal Herrian jaiotako edo hezitako ikertzaileak balioesten dauz, “fuga de cerebros” edo talentu ihesa saihesteko. Hautagaitzak aurkezteko epea martiaren 20ra arte egongo da zabalik.
Ordenagailu kuantiko bat Donostian
Ikerbasquek beste proiektu garrantzitsu bat be badauka esku artean. Ordenagailu kuantiko baten instalazinoa Donostian, EHUren Ibaetako kanpusean. Arocena azaldu duenez, eraikinaren obra udan amaitzea aurreikusten da eta urte amaierarako martxan egotea itxaroten dabe. Ordenagailu hau mundu mailako erreferentzia izango da, holako sei bakarrik dagoz-eta munduan. Zientzia eta teknologia mailan Euskadi mapan kokatuko dauala uste dau, ikertzaileak eta proiektuak erakarriz.