Bilbon 300 behargin baino gehiago geratu ziran lan egin barik greba egunean

Oraingoz, ez dabe patronalagaz negoziazino mahaira bueltetea lortu

Ikuskizunetako teknikariek lan-hitzarmen duina lortzeko burrukan jarraituko dabe

Bilboko konpartsen esku jasotako bandera urdina / TEKNIKARIOK SINDIKATUA

Ikuskizunetako teknikariek euren aldarrikapenei eusten deutsie, Bilboko Aste Nagusian laugarren greba eguna egin ostean. Ander Sierra Teknikariok sindikatuko kidearen esanetan, abuztuaren 26ko grebaren balorazinoa positiboa izan da, sektorearen arazoak ikusgarri egitea eta gizartearen babesa jasotea lortu dabelako. Oraingoz, baina, ez dabe patronalagaz negoziazino mahaira bueltetea lortu.

Teknikariek lan-hitzarmenik barik jarraitzen dabe, eta hamar edo hamabi orduko lanaldiak ohikoak dirala salatzen dabe. Ordutegiak eta lan-egunak egun gitxiko aurrerapenagaz jakitea be arazo nagusietako bat da. Sierrak azaldu dauenez, helburua patronalagaz barriro jesarri eta lan-baldintza duinak bermatuko dauzan hitzarmena adostea da. Akordiorik lortu ezean, mobilizazinoekin jarraitzeko asmoa daukie.

Sindikatuak erakunde publikoen erantzukizuna be nabarmendu dau. Sierraren ustez, administrazinoek ikuskizunetarako enpresak kontratetan dabezanean, beharginen lan-baldintzak bermatzen dirala be zaindu beharko leukie. Teknikariok sindikatuaren kalkuluen arabera, Bilbon 300 behargin baino gehiago geratu ziran lan egin barik greba egunean.

Bestalde, ETSren kontzertuaren data aldaketea sektorearen lan-baldintzen adibide argitzat jo dau Sierrak. Azaldu dauenez, ETSk ez eban Teknikariok sindikatuagaz berba egin, eta Udalak jakinarazo eutsien taldeagaz adostu ebala aldaketea. Kontzertua bost eguneko aurrerapenagaz aldatzea euren egoerearen isla dala salatu dau, horrenbesteko tarte laburragaz ezin dabelako lana eta bizitzea bateratu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00