2019an Ilargi Arrizabalaga artista lezoarra euskal kantuen bertsinoak igotzen hasi zan sare sozialetara, eta era berean, bakarkako kontzertu akustikoak emoteari be ekin eutsan. 2021. urtean bere lehen diskoa kaleratu eban, Killasisa, eta disko horri esker, hainbat kontzertu emon ebazan, batez be bakarka. 2022ko abenduan, barriz, Beldurrarekin dantzan bigarren diskoa argitaratu eban, Pablo Novoak egindako moldaketakaz eta Haritz Harreguyk ekoiztua. Azken lan honetako kantuak aurkeztuko dauz batez be bihar, urtarrilak 26, Bilboko Cotton Club aretoan. Ilargigaz batera, Mikel Zubiria bateria jolea eta Manu Moro gitarra jolea be igoko dira oholtza ganera.
Zortzi kantuz osotutako diskoa da Beldurrarekin dantzan. Disko honetan Ilargik indie pop elektroniko estiloa lantzen dau, aurreko diskoko pop eta pop-rock doinuak atzean itxita. Beldurrari eta beldurrak gure zirkunstantzian daukan eraginari buruz berba egiten dau. “Diskoa sortzeko nire beldurrak hartu nebazan, beldur bakotxaren inguruan istorio txiki bat sortu eta hortik egin neban kantu bakotxa”, esan deusku Ilargik. Gaineratu dau diskoa sortzea prozesu liberatzailea izan dala berarentzat.