Santi Zumaran, Isuntza Arraun Elkartea azken berrogeta zazpi urteetan zuzendu dauen gizonaren lekua hartu dau Badiolak

Gazte-mailetako arraunlari kopuru altuak senior mailan bere jarraipen-aukera sendoa izatea gura dabe

Iñaki Badiola: “Ahalegin guztiak egingo dogu emakumezkoen trainerua atarateko”

Isuntzak emakumezkoen mailan atara eban azken traineruko kideak / Isuntza

Isuntza arraun elkartearen batzar orokorrean abiatu zan lau urteroko zuzendaritza batzorderako ohiko hauteskunde prozesua. Bertan, orain arteko zuzendaritza taldeak jarraitzeko asmoa adierazi eban, azken urteetako lanari jarraipena emoteko. Prozesuaren epeak bete ondoren, eta zerrenda bakarra aurkeztu zanez, orain arteko zuzendaritzak aurkeztutakoa, abuztu amaieran hurrengo lau urteetarako zuzendaritza batzordea izendatuta geratu zan.

Lan talde barria, oinarrian, bardina izango da, aldaketa batzukaz. Alde batetik, orain arteko presidentea, Santi Zumaran ohorezko presidente izatera pasau da, eta haren lekua Iñaki Badiolak beteko dau. Horregaz batera, zuzendaritza batzordea kide barri batzukaz indartuko da, “hurrengo lau urteetarako erronkei ahalik eta hobekien erantzuteko”.

Iñaki Badiola presidente barriagaz egin dogu berba Jokoan kirol tartean. Harrobiko arrauna sustatzen jarraitzeko asmoa agertu deusku, gazte mailetako arraunlari kopurua ahalik eta altuen mantenduz, azken urteetako lanari jarraipena emonda. Nesken arrauna be indartu gura dabe eta Badiolaren arabera, ahalegin guztiak egingo ditue trainerua atarateko hurrengo denporaldian “gazte-mailetako arraunlari kopuru altuak jarraipen-aukera sendoa izateko senior mailan bere. Senior mutilen trainerua ahalik eta lehiakorren mantendu gura dabe, “etxean sortutako arraunlarien hurrengo belaunaldiei bidea emonez”.

Isuntzak 50. urteurrena beteko dau 2027an eta, horren prestaketa lanei be ekingo deutsoe hurrengo urteetan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00