Jokin Altunaren alde egongo da dirua Peio Etxeberriaren aurkako lau ta erdiko txapelketako finalean

Lehenengo finala izango da aurrelari nafarrarentzat eta hamahirugarrena Amezketako txapeldunarentzat

Inork ez dau faborito izan gura

Lau ta erdiko txapelketako finala jokatuko daben pelotari biak pozik agertu dira otzaran aurkitutako pelotakaz / Bizkaia Irratia

Dana dago prest Jokin Altunak eta Peio Etxeberriak jokatuko daben lau ta erdiko txapelketako finalerako. Pelotari biak Bizkaia frontoian batu dira domekako lehiarako pelotak aukeratzeko eta pozik azaldu dira Martin Alustizak otzaran jarritako pelotakaz.

Jokin Altunaren zortzigarren finala izango da zortzi urtetan lau ta erdiko txapelketan. Peio Etxeberriak, ostera, lehenengoz eukiko dau txapel bat janzteko aukerea. Lehiakide biak ez dira bat etorri finala irabazteko faboritoa nor dan esateko orduan. Amezketako pelotariak dino bere aurkaria dala faboritoa aurtengo txapelketan bera izan dalako mailarik onena emon dauen pelotaria. Aurrelari nafarrak, ostera, garbi dauka Altuna dala txapela janzteko faborito argia. Kontuak kontu, dirua gipuzkoarraren alde egongo da domekako finala hasi baino lehen.

Ikusteko dago zelan dagoan Altunaren eskoiko sorbaldea. Pelotariak esan dau gustura amaitu ebala martitzenean Tolosako Beotibarren egin eban entrenamendu saioa. Edozelan be, alde batera itxi gura dau bere sorbaldea eta txapelaren bila kantxaratuko dala dino. Peio Etxeberriari jagokonez, domekakoa bere lehen finala izan arren, oso lasai dagoala esan dau.

Jokin Etxanizek inork baino hobeto ezagutzen dauz pelotari biak eta finalaren analisia egin deusku Jokoan kirol tartean. Azkenik, Iñaki Iza, Bizkaia Irratiko pelota adituaren eretxia be jaso dogu kirol tartean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular