Sydneyko Biurtekoan aurkeztuko da Iratxe Jaio markinarra eta Klaas Van Gorkum holandarraren Bandera Faltsua artelana. Artista biak Etxepare Euskal Institutuaren Zabal izeneko programan hartu dabe parte eta era horretara etorri da Sydneyko Biurtekoan parte hartzea. Erakusketa handi hau martiaren 9tik bagilaren 10era bitartean egingo da. Arte garaikidearen ekitaldi garrantzitsuenetarikoa da mundu mailan eta Australian handiena. 47 herrialdetako 88 artista eta kolektibok hartuko dabe parte aurten. Iratxe Jaio eta Klaas Van Gorkum bikote artistikoa dira 2001. urtetik. Igaz, apirilean, Etxepare Euskal Institutuak gonbidatuta, Cormin Costinas eta Inti Guerrero, Sydneyko Biurtekoaren zuzendari artistikoek, Euskal Herriko hainbat museo, arte gune eta artisten estudioak bisitatu ebezan. Bisita horreetatik etorri da Jaio eta Van Gorkumeri egindako gonbitea aurtengo erakusketan parte hartzeko.
René Magritte abiapuntu
Bandera Faltsua lana aukeratu dabe hain zuzen. Honen abiapuntua René Magritte margolari surrealistaren Le Drapeau Noir edo Bandera Baltza izeneko koadroa da. Gernikako bonbardeoan oinarritutako koadroa da hain zuzen. Artista biek hiru dimentsinoko modeloak egin dabez hegazkinakaz eta bideo baten laguntzeagaz erakusten dabez. Picassoren koadro ezaguneko zatiak be hartu dabez. Iratxe Jaiok azaldu deuskunez, Bandera Faltsua Txilen be erakutsi dabe. Sydneyn erakutsi ahal izateaz oso pozik dagozala esan deusku. Asmoa, leku gehiagotara eroatea da.