Urteotan kultur diplomaziaren, nazinoarteko presentziaren eta unibertsidade sareen bitartez, ekarpen handia egin dau erakundeak

Etxepare Euskal Institutuak 15 urte bete dauz

Irene Larraza: “Ez gara beste inor baino gitxiago”

Ezkerretik eskumara, Monika Madinabeitia, Imanol Otaegi eta Irene Larraza / Bizkaia Irratia

Etxepare Euskal Institutuak hamabost urte bete dauz, eta urteurrena baliatuta, erakundeak urteotan egindako lanaren balantzea eta etorkizuneko erronkak aztertu dabez Irene Larraza zuzendari nagusiak, Monika Madinabeitia Hizkuntza eta Unibertsidadeen arloko zuzendariak eta Imanol Otaegi Kultur sustapen arloko zuzendariak Bizkaia Irratian.

Irene Larrazak azaldu dauanez, Etxepare Euskal Institutua munduan euskararen eta euskal kulturaren presentzia eta ikusgarritasuna areagotzen dauan erakundea da. Azpimarratu dau euskarak eta euskal kulturak munduan presentzia daukiela, eta izan behar dauala. Bere mezua argia da: euskal komunidadeak ez dau konplexurik izan behar, eta nazinoartean be argi erakutsi behar da “bagarela nor”. Hau da, euskarak badaukala balioa, prestigioa eta bizitasuna. Etxepareko zuzendari nagusiaren esanetan, sarritan txikitasunetik edo konplexutik abiatzen da diskurtsoa, baina hori gainditu eta ikusgarritasuna handitzea da gakoa.

Irakurletzak eta katedrak

Monika Madinabeitia Hizkuntza eta Unibertsidade arloko zuzendariak nabarmendu dauanez, Etxepareren arlo akademikoak ardatz nagusi bi daukaz: irakurletzak eta katedrak. Mundu osoko unibertsidadeakaz lankidetza hitzarmenak sinatzen dabez, irakurletzen bitartez, euskal ikasketak eskaini dagiezan. Programa desbardinen bitartez, irakaslegoaren prestakuntza eta ikasleen euskara gaitasuna sustatzen dabez. Bestalde, katedrak, munduko unibertsidade erreferentzialetako egitura egonkorrak dira, euskal ikerketaren zilegitasuna eta lehiakortasuna indartzeko sortutakoak. Madinabeitiak aurreratu dauanez, 2026an Etxeparek ikerketa-programa barriak martxan jarriko dauz, nazinoarteko ikerlari gazte zein ibilbide sendoa daukien espezialisten lana erakartzeko.

Etxepare Euskal Institutuaren eginkizunen artean, badago euskal sortzaileen “bidelagun” izatea, Imanol Otaegi Kultur Sustapen arloko zuzendariak azaldu dauanez. Sortzaileei atzerrira salto egiteko aukerak eta baliabideak be emoten deutsez. Azken 15 urteetan, Etxeparek 2.700 proiektu baino gehiago mugidu dauz nazinoartean. Laguntzak diziplina guztietara zabaltzen dira, baita itzulpegintzara be, eta aurten, lehenengoz, frankofoniarako itzulpen-deialdi berezia abiatu dabe.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00