Mattin Aiestaran (Aranzadi): "Ez gendun espero holako oihartzunik"

'Irulegiko eskua' baskoieraz idatzitako lekukotasun zaharrena da

Irulegiko aztarnategiak hondino zeresan asko emongo dau

Nafarroako Irulegi mendian, Aranguren bailaran, Burdin Aroko herrixka batean lanean dihardu Aranzadiko arkeologia talde batek 2017.tik hona. Igazko bagilean esku formako brontzezko xafla bat aurkitu eben aztarnategian: ‘Irulegiko eskua‘. Piezaren eta indusketearen inguruko zehaztasunak azaldu dauz Lau Haizetara saioan Mattin Aiestaran indusketako zuzendariak.

Irulegiko eskua brontzezko xafla bat da. Xafla leuna da, baina atzazalen forma dauka behatz batzuetan. 143,1 mm-ko altuera, 1,09 mm-ko lodierea eta 127,9 mm-ko zabalera dauka. Atarte baten ipinteko apaingarri bat litzateke. Aiestaranek azaldu dauanez, aurkitu zan tokiak, morfologiak eta dekorazinoak, baita inskripzinoak be, egiaztatzen dabe erritu objektu bat zala, etxebizitzaren sarrerako atean eskegita egoana, etxea babesteko.

Inskripzinoak 2022ko urtarrilean aurkitu ebezan. Orduan hasi ziran pieza garbitzeko eta zaharbarritzeko lanak. Esku formako xafla horretan bost berba atzeman daitezke baina momentuz bakarra deszifrau dabe: “Sorioneku”. Javier Velaza epigrafistea eta Joaquin Gorrotxategi linguistea ibili dira lan horretan. Baskoien hizkuntzan idatzitako lekukotasun zaharrena da, orain 2.000 urte baino gehiagokoa. Aiestaranek azpimarratu dau aurkikuntza honegaz argi geratzen dala baskoiak alfabetauta egozala, Iberiar peninsulako garai haretako herri asko lez.

Irulegiko aztarnategiko zuzendariak lanean segiduteko asmoa azaldu dau, pieza eta arrasto gehiago topetako itxaropenaz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular