300.000 zergadunek aurkeztu dabe errenta-aitorpena dagoeneko Bizkaian. Itxaso Berrojalbiz Ogasun eta Finantza diputaduak errenta aitorpenaren kanpainaren azken nobedadeak plazaratu deuskuz gaur Bizkaia Irratiko mikrofonoetan: “Goizeko azken datuak atera doguz hona etorteko. 300.000 aurkezpen egin dira dagoeneko. Zenbateko oso handia da, pasa dan urtean baino 60.000 gehiago”. Pertsona banatuen kasuan aldaketaren bat egon da antza, eta orain ezarritako ereduak kalte egiten deutse, ezin dabelako errenta aitorpena seme-alabekaz egin. EH Bilduk arau hori aldatzeko eskaria egin dau, baina Berrojalbizek hartutako neurria defendatu dau: “Pertsona bakotxak alkartzeko aukeratzen dauan moduak ezin dau ondoriorik euki errenta aitorpenean”.
Iruzur fiskalari jagokonez, igazko urtean 469 milioi erregularizau ziran egindako jarduketen ondorioz: “Gero eta tresna gehiago daukaguz iruzur fiskala kontroletako. Kontrola mantenduz eta handituz goaz”. Halanda be, iruzur fiskala presente dago oindino eta datuak ez dira asko aldatzen urte batetik bestera.
Bestalde, entzuten dogunez, gurasoen seme-alabenganako dohaintzak handitu egin dira, batez be, etxea erosten laguntzeko. Etxebizitzen prezio altuaren ondorio ei da hau. Aldundian be igarri dabe: “Etxebizitza bat erosterakoan, bankuek ez dabe %20 bat finantzetan. Batzuetan, familiak dirua emoten deutso gazteari. Orain arte, zerga hori ordaintzen zan, baina orain salbuetsi egin dogu 30.000 eurotik aurrera“.
Amaitzeko, BATUZ estrategiaren ganean be egin dau berba diputaduak: “Aurtengo urtarriletik martxan da BATUZ. 88.000 zergadunetik 74.000 badagoz martxan. Beraz, ondo goaz“. Ganera, TicketBAI programaren erabilerean be sakondu dau Berrojalbizek. Izan be, gogoratuko dogu polemikea egon zala erabilerea dala eta, txosnekaz tartean.
