2027an Gasteizek hartuko dau Europako Gizarte Zerbitzuen Kongresua

Maltan egiten dabilz European Social Services Conference foroa; bertan da Eusko Jaurlaritzako ordezkaritza bat

Ivan Larraza: “Komunidade ikuspegia da Euskadiren indargunerik handiena”

European Social Network (ESN) erakundeak antolatuta, European Social Services Conference egiten dabilz Vallettan (Maltan). Hitzordua gizarte-zerbitzuen eremuko politiken eta praktiken Europako foro nagusitzat hartzen da, eta hainbat herrialdetako erakunde-arduradunak, profesionalak, gizarte-erakundeak eta ikertzaileak biltzen dauz. Euskadik presentzia nabarmena dauka Maltan. Eusko Jaurlaritza buru dauala, Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailaren bitartez, Euskadiko ordezkaritza bat bertan da. Ganera, EAEren parte-hartzeak esanahi berezia dauka. Izan be, Gasteizek 2027an hartuko dau ESNren Biltzarraren hurrengo edizinoa, eta horri esker, gizarte-zerbitzuen etorkizunari buruzko Europako eztabaidaren erdigunean jarriko da Euskadi.

Ivan Larraza Ongizate sailburuordeak nabarmendu dau foro horretan parte-hartzea ezinbestekoa dala Euskadirentzat: “Gure eredua azaltzeko ez eze, beste herrialde batzuetatik ikasteko be balio dau”. Gaineratu dauanez, 40 herrialde baino gehiagoko ordezkariak eta mila delegadu inguru batu dira Maltan. Larrazaren esanetan, Euskadik erreferente izatea lortu dau, batez be, ikuspegi komunitarioan eta prebentzinoan. “Komunidadearen ikuspegia oso barneratuta daukagu gure ereduan, eta Europan gero eta gehiago jotzen ari dira norabide horretara”, azaldu dau Ongizate sailburuordeak.

Maltako topaketan landa eremuetako zahartzeari eta zaintza sistemari buruzko saio baten parte hartu dau Euskadiko ordezkaritzak. Bertan Transis Lab Europako proiektua aurkeztu dabe. Horren barruan garatutako Fragilab tresnak pertsonen zaurgarritasuna neurtzen dau, ikuspegi fisikoa ez eze, soziala, emozionala eta ekonomikoa be kontuan hartuta. Helburua da pertsona bakotxaren egoerara egokitutako laguntza pertsonalizaduak eskaintzea, baten be, landa eremuetan bizi diran adinekoei. Larraza sailburuordeak ohartarazi dau landa eremuetako zahartzeak erronka bereziak daukazala: “Herrietan zerbitzuetarako sarbidea gatxagoa da, eta baliabide gitxiago egoten dira”. Horregaitik, komunidadean bertan zaintza eta laguntza sareak indartzea giltzarritzat jo dau.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00