Euskalgintzaren Kontseiluak deitutako Euskaltzaleon Martxara batuko dira astegoienean

Gazte Euskaltzaleen Sareak martxa egingo dau Urepeletik Iruñera gaurtik zapatura arte

Izar Zubiaga: “Euskeraren aldeko burrukaren bidetik jarraitu behar dogu”

24. Korrikako mezua idatzi eben gazteek bat egin dabe martxagaz / AEK - Korrika

Gazte Euskaltzaleen Sareak martxa egingo dau Urepeletik Iruñera gaurtik zapatura arte, bagilaren 11tik 13ra. Izan be, Euskaltzaleon Martxa antolatu dau Euskalgintzaren Kontseiluak bagilaren 13rako Iruñean. Bertan, ofizialtasun osoa, jauzia hizkuntza politiketan eta euskaltzaletasuna aldarrikatuko dabe. Gazteek Gazte euskaltzaleok bidea urratu lelopean ekingo deutsie martxari gaur eta egun bi barru Euskaltzaleon Martxa egitasmora gehituko dira Euskal Herriko uriburuan.

Izar Zubiaga Gazte Euskaltzaleen Sareko kidea da eta antolatu daben martxaren inguruko zehetasun guztiak emon deuskuz Bizkaia Irratiko sintonian. Zubiagak uste dau Euskal Herriko gazteak bidegurutzean dagozala: “Euskal Herriko gazteok bidegurutze batean gagoz. Testuinguru horretan, euskeraren aldeko burrukaren bidetik jarraitu behar dogu“. Korrikan indar handia metatu eben gazteek. Orain, indar hori berbiztu gura dabe: “Korrikaren bueltan egindako dinamikea oso positiboa izan zan, zapi gorri asko ikusi ziran. Beraz, aktibazino handia egon zan gazteen artean. Aitatutako aktibazinoari jarraipena emon gura deutsagu“.

Bidea Urepelen hasi eta gaurko gaua Auritzen igaroko dabe. Bigarren eguneko etapea Auritzen hasi eta Larrasoañan amaituko dabe. Beraz, Larrasoañatik Iruñera joango da zapatuko tartea. Ganera, bazkariak, herri kirolak, mural margoketa, mahai-inguruak, kontzertuak eta askoz gehiago izango dira bidean zehar. Parte hartzeko izena emoteko epea zabalik egon da, baina martxara gehitzeko aukerea dago, aurretik izenik emon ez arren: “100 bat gazte batuko gara. Janaria eta logelak kalkulatzeko izena emon behar zan, baina martxara batzeko aukerea dago, noski”.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00