Jokin Pinatxo musikari beratarraren proiektu barria da Janus Lester. Azken Trena taldeagaz eta bakarka ibili ostean, itxialdian hartu eban proiektu barria sortzeko erabagia. Orain Mattin Arbelaitz (bateria), Garazi Esnaola (tekladua), Ane Bastida (baxua), Julen Suarez (tronpeta), Andoni Arriola (tronboia) eta Javi Echarri (kitarrea) musikariakaz lagunduta dator.
Ez gaitzala loak harrapatu diskoa argitaratu dabe.
Bederatzi abesti jaso dabez: DAP DAP, Maitasuna tabu, Orain, Gazi gozoak, Ihes, Zurriola, Anai, Udazken egun hura eta Ez gaitzala loak harrapatu. Melodia dantzagarriak eta itsaskorrak dira gehienak, baina badira doinu eta letra ilunagoak, gordinagoak be. Pinatxok konposatutakoak dira melodia guztiak eta letra gehienak. Musikari beratarrak zehaztu deuskunez, “doinua egiten dot lehenengo eta behin doinua prest daukagunean, saiatzen naz imajinetan nire bizitzako zein momentutan ikusten dodan abesti hori, gero azkenik letrak egiteko”.
Zuzeneko kontzertuak
2022ko zemendian egin eben diskoaren aurkezpena Donostiako Dabadaban. Durangoko Azokan aurkeztu eben ostean, eta hainbat lekutan izan dira ordutik. “Super pozik gagoz ze lehenengo kontzertu honeetan harrera oso polita izaten dabil, uste dot bai geu bai jentea gustora dagoala. Orain jarraituko dogu bai antzokietan, bai aretoetan diskoa aurkezten, eta udara begira be egutegia dezente izten” azaldu dau Jokin Pinatxok. Hileon, martiaren 23an, Bilboko Kafe Antzokian joko dabe.