Berriatuko erdigunean laster hasiko dabez lanak

Egunero 7000 ibilgailu inguru igarotzen dira Berriatuko erdigunetik

Jon Arriola: “Berriatua bizitzeko herria da gure leloa”

Berriatua udalerria Bizkaiko ipar-ekialdean dago, Lea-Artibai eskualdean. 1.200 biztanle inguruan dabil azken urteotan. Aste honetako Herriz Herri saioa egin dogu bertatik.

Berriatua udalerri oso bizia dala esan deusku Jon Arriola jarduneko alkateak. “Ekintza asko eta askotarikoak egiten dira, kultur eskaintza handia daukagu eta ganera disziplina danei heltzen saiatzen gara”. Harrera herria be badala azpimarratu deusku jarduneko alkateak. Berriatuako biztanleariaren %20 atzerritik etorritakoak dira. Arriolaren esanetan, egunerokoan herritarren ondoan egotea, bizitzeko herria lantzea eta bizilagun guztiak kontuan eukitea beharrezkoa da.

Berriatuan erdiguneko urigintza lanak laster hasiko dira. Bagilaren 9ra arte aurkeztu daitekez enpresak eta Udalaren asmoa, lanok hilaren 17rako esleitzea da. Jon Arriolak azpimarratu deuskunez, “obra potentea izango da”, irisgarritasun eta segurtasun aldetik hobekuntza handia izango dabe erdigunean. Egunero 7000 ibilgailu inguru igarotzen dira Berriatutik. Erdigunean espaloiak zabaldu, autobus geltokia lekuz aldatu, zebra-bide barriak egin eta errepidea gurutzatzea semaforo bidez kontrolauko da.

Jon Arriola Berriatuko alkatea izan da azken zortzi urteetan. Ez dau karguan jarraituko. Bere esanetan “alkate izatea lan handia da, presino asko izan daiteke momentu askotan, baina asko ikasteko eta herritartasuna beste era batera sentiduteko aukerea emoten dau”. Hemendik aurrera Arriola Bizkaiko Batzar Nagusietarako batzarkidea izango da, Busturia-Uribe barrutitik. Orain arteko lanari jarraipena emoten saiatuko dirala esan deusku, bizkaitarren beharrei erantzuten Bizkaiko Batzar Nagusietan eta “batez be urrun dagoan Lea Artibai eskualdea Bizkaira hurreratzen saiatuko gara”.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular