Loraldiaren barruan estreinauko da gaur Kukairen ikuskizun barria

Kukai dantza konpainiaren "Eta orain zer?" Max sarietarako hautagaietariko bat da

Jon Maya: “Ezustean eta pozik hartu dogu hautagaitza”

Kukai dantza konpainiaren "Eta bihar zer?" ikuskizuna / Bizkaia Irratia

Kukai dantza konpainiaren “Eta orain zer?” ikuskizuna estreinauko da gaur Bilbon. Max sarietarako hautagaia da lan hau. Atzo hasitako Loraldia festibalaren barruan, Euskalduna jauregian izango da gaur Kukai konpainiaren lan barriaren estreinaldia. Asteon jakin danez, arte eszenikoen Max sarietan, dantza ikuskizun onena izan daiteke. Hautagaietariko bat da behintzat. Jon Maya zuzendariak esan deuskunez, ezustean eta pozik hartu dabe albistea. Orain arte, lau Max sari daukaz Kukai konpainiak. Horrez gain, Dantza Sari Nazionala be jaso eben 2017. urtean.

Hogeigarren urteurrena

“Eta orain zer?” ikuskizuna, taldearen hogeigarren urteurrena ospatzeko asmoz sortutakoa dala esan geinke. Formato handiko ekoizpena da eta ezhoikoa, besteak beste, ez dagoelako eszenatokirik ezta aulkirik be. Ikuskizun interaktiboa da. Esperientzia bat da, Mayaren esanetan. Soka-dantzea da ikuskizun barriaren oinarria. Kukai konpainiaren zuzendariak soka-dantzaren sinbologian sakontzeko proposatzen dau hain zuzen. Soka-dantza, gizartearen kohesinoa eta komunidade bereko kide ezbardinen arteko errespetu eta ulermenaren ikurra dala esan daiteke.
Pascal Gaigneren musikea entzungo da ikuskizunean Errenteriako HAE orkestraren eskutik. Dramaturgian bestalde Ximun Fusch izan dabe laguntzaile. Lan talde handia dago “Eta orain zer?” ikuskizun honetan. Euskalduna jauregiko Urban-Hallean izango da gaur estreinaldia iluntzeko zortziretan. Hurrengo emonaldia Madrilen eskeiniko dabe.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00