Jon Uriarte Athletic Clubeko presidenteak eta Mikel Gonzalez Futbol Zuzendari Nagusiak lehenengo talde bien denporaldiaren balantzea egin dabe San Mamesen emondako prentsaurreko luze batean. Presidenteak ez dau inolako zalantzarik izan denporaldia “etsigarritzat” joteko, batez be ligan egindako ibilbide eskasean oinarrituta; izan be, taldeak hamabigarren postuan amaitu eban. «Banakako zein talde mailako autoexijentzia handiagoa behar dogu», adierazo dau Uriartek. Ernesto Valverderen lau urteko etaparen ostean hartutako lehenengo neurri nagusiak Edin Terzic dauka izena. «Asko sinesten dau Athletic honetan», esan dau presidenteak, eta Mikel Gonzalezek lidergorako daukan gaitasuna nabarmendu dau.
Uriartek gogorarazo dau taldeak ez dauala lortu denporaldi hasieran jarritako helburua. «Inertzia irabazlearen galera eta frustrazino sentsazinoa» aitatu dauz, «taldeak ezin izan ebalako joko ona berreskuratu ezta emaitza onak kateatu be». Halanda be, Txapeldunen Ligan Valverderen taldea «lehiakorra izan zan azken minutura arte multzo gogor baten, finalista biak aurrean zituala». Lehiakortasun hori Kopan be ikusi zan neurri baten, finalerdietara helduta, baina Superkopan guztiz faltan bota zan.
Emaitzak onak izan ez arren, presidenteak azpimarratu dau konfiantza osoa mantendu dala Ernesto Valverderengan, bere «gaitasuna, energia, motibazinoa eta lantaldearen ezagutza sakona» dirala eta; baita teknikariaren eta jokalarien arteko batasuna be, Gasteizen lortutako garaipenean ikusi zan moduan.
Kirol zuzendaritzak eta entrenatzaile barriak hainbat zuzenketa adostu dabez datorren denporaldiari begira. Lidergo barriak egongo dira, Edin Terzic buru dala, eta maila teknikoko hainbat aditu be sartuko dira, baita errendimendu saila eta zerbitzu medikoak indartzeko neurriak be.
Entrenatzaile alemaniarraren bertuteak nabarmendu dabez Uriartek eta Gonzalezek, eta azpimarratu dabe zelan aukeratu dauen Athletic beste txapelketa handietako klub ospetsuen eskaintzen gainetik. «Lidergorako gaitasun handia dauka. Energia eta indarra transmititzen ditu. Zorrotza da eta lanerako gaitasun handikoa». Espero dan joko-estiloari buruz be berba egin eben: «Bere taldeek erritmo handia eta bertikaltasuna daukie. Bere joko-moduak bat egiten dau San Mamesen gustuko dan futbolagaz. Uste dogu daukagun plantillari etekinik handiena aterateko egokiena dala».
Emakumezkoen taldea
Emakumezkoen lehenengo taldeari jagokonez, Jon Uriartek adierazo dau denporaldia «etsigarria» izan dala, taldeak erakutsitako maila plantilearen benetako ahalmenaren azpitik egon dala uste dauelako. Presidentearen esanetan, taldeak geldialdi txiki bat edo atzerapauso bat izan dau errendimenduan, «aurreko urteetako bilakaera positiboari eutsi ezinik, nahiz eta oso lantalde gaztea izan».
Uriartek azpimarratu dau Athletic Clubek barriro be goiko postuetan lehiatzeko bidea berreskuratu behar dauela, eta bereziki deitoratu dau Nerea Nevadok eta Maite Zubietak taldea itxi izana. Horren harira, Klubak berezko talentua prestatu, erakarri eta garatzeko egiten dauen ahalegin handia nabarmendu dau.
