1854. urtean eraikitako organoa hondatuta dago eta barriztapena behar dau

Lekeitioko Andra Mariaren Zeruratzea basilikako organoa barriztatzeko bitartekoen bila dabilz

Jose Agustin Maiz: “Danak dinoe kotxe bat izango balitz, Formula Uno bat izango litzakela”

Lekeitioko Andra Mariaren Zeruratzea basilikako organoa kultur ondasunik esaguratsuenetakoa da. Jose Agustin Maiz Lekeitioko parrokoaren esanetan, “danak dinoe kotxe bat izango balitz, Formula Uno bat izango litzakela”.

Jose Javier Uribarren (1791-1861) bankari eta ongile lekeitiarrak erosi eban organoa. Ameriketako Estatu Batuetan egon ostean, Uribarren Europara bueltau zan eta sasoi haretan egoan organorik onena eskaini gura izan eutsan basilikari. Garaiko organogile onenarengana, Aristide Cavaille-Collengana jo eban. Organo erromantikoen sortzailerik garrantzitsuena zan eta berak eraikitakoak dira, besteak beste, Pariseko Notre-Dameko, Sain Sulpice edota Saint-Denis eleizetako organoak.

Lekeitiokoa 1854. urtean eraiki eban. Jose Agustin Maizek azaldu dauanez, Euskal Herrian ezeze, Espainiar estadu osoan eraiki zan lehenengoa izan zan. Gaur egun, baina, 170 urteren ostean organoa egoera txarrean dago: aire ihesak haize-kaxa eta hauspoetan, mekanismoa hondatuta, tutuak egoera txarrean… “Organoa gaixorik dago. Hondino mezatan eta elizkizunetan jotzeko erabilten dogu, baina hortik gora ezin dogu erabili. Ganera konpontzen ez badogu, helduko da momentu bat ezin izango dogula konpondu eta ez erabili ez mezetarako ez beste gauzetarako”.

Pasa dan apirilaren 13an kontzertua egin zan Lekeitioko Andra Mariaren Zeruratzea basilikan, bertako Cavaille Coll organoaren barriztapenaren alde. Lekeitioko parrokoak esan deuskunez, oso pozik dagoz jentearen erantzunagaz. “Eliza bete jente batu ginan”. Basilikako eta Lekeitioko organoaren Adiskideen alkarteko arduradunak bitartekoen bila dabilz, erakundeetan zein partikularren artean, barriztapen hau egin ahal izateko. Banku kontu bat zabaldu dabe, gura dauanak diru-laguntzea emon dagian barriztapen garrantzitsu hau egin ahal izateko. Lekeitioko organoaren barriztapenak 600.000 euroko aurrekontua dauka.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular