Urtebeteko epea dauka idazteko, Elkar argitaletxeak argitaratuko dau bere lana

"Hiltzailea eta beste ipuin batzuk" proiektua aurkeztu dau gernikarrak

Joseba Jaka Beka, Josu Goikoetxearentzat

Josu Goikoetxea / Bizkaia Irratia

Josu Goikoetxea Gezuragarentzat da aurten Elkar Fundazioak emoten dauan Joseba Jaka Beka. “Hiltzailea eta beste ipuin batzuk” izeneko proiektua aurkeztu dau gernikarrak. Irati Majuelo, Itziar Ugarte eta Iban Zalduak osotutako epaimahaiarentzat, beka honetara aurkeztutako hamabost lanen artean, onena izan da Goikoetxearena. Honakoa aipatu dabe; “ipuin soltez osaturiko bilduma bat definitzen erraza izan ez arren, laginean aurkeztutako ipuinen kalidadea azpimarratu behar da: originaltasuna, indarra, iradokitzeko ahalmena eta gehiago irakurtzeko gogoa“.

12 Ipuin

Proiektuaren egileak pozik jaso dau saria. Aitortu dauanez aspalditik eukan proiektua esku artean erdi itzita. Joseba Jaka Beka irabazita derrigorrez oratu behar deutso eta behingoz amaitu. Hiltzailea izenekoa litzateke ipuinetariko bat. Guztira, hamabi idazteko asmoa dauka. Gaiei jagokenez, bere esperientzian oinarritutako ipuinak izango dirala esan deusku. Euretariko bat Urdaibain kokatuko da, Murueta inguruan hain zuzen. Beka honi esker hamar mila euroko saria jaso dau eta urtebeteko epea dauka idazteko. Elkar argitaletxeak argitaratuko dau ondoren.

Liburuaren Eguna

Apirilaren 23an, liburuaren nazinoarteko egunean jasoko dau Josu Goikoetxeak Joseba Jaka Beka. Lehen aldi baten, 1996 eta 2006 urteen artean, literatur lanetarako beka zan honakoa. Ondoren geldirik egon zan hamar urtez eta 2016. urtetik sormen bekea da. Literatur lanetarako ez ezik, musika edo antzerki proiektuetarako be emoten dabe. Adunan egingo da sari emote  ekitaldia aurten. Elkar Fundazioak, egun berean, Ibilbideari emoten deutson Elkar saria be banatuko da. Datozen egunetan jakinaraziko dabe norentzat da Ibilbidearen saria.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular