Bizkaiko dultzaineroak omentzeko aurten egingo diran omenaldietako lehenengoa izango da Mañarikoa

Omenaldia domekan izango da, Mañariko Udalak maiatzaren 19ra bitartean antolatutako Kultur Astearen barruan

Juan Bilbao dultzainero mañariarra omenduko dabe maiatzaren 12an bere jaioterrian

Juan Bilbao dultzaineroa eta bere semea, Karmelo Bilbao atabalaria / Felipe Amutxastegi

Bizkaiko Dultzaineroak, Mañariko Udalak eta Gerediaga Udalak alkarlanean, Juan Bilbao Ortuoste dultzainero mañariarra omenduko dabe domekan, maiatzaren 12an. Ekimena Bizkaiko dultzaineroak omentzeko aurten egingo diran omenaldietako lehenengoa izango da.

Juan Bilbao Ortuoste 1905. urtean jaio zan Mañariko Ortuoste baserrian. Artzaina ofizioz, autodidaktika izan zan. Urte askotan bere lehengusu Fermin Ortuostegaz ibili zan duoan, eta eurekaz batera, Dionisio eta Txomin anaiek atabala jotzen eben. Denbora batez dultzaina jo barik egon ostean, 70eko hamarkadan barriro hasi zan jotzen. Orduan Karmelo semeak laguntzen eutsan atabalagaz. Zahargaztiek musika taldea be sortu eban beste lagun batzukaz batera. Juan Bilbao 1991. urtean hil zan.

Juanen semea, Karmelo Bilbao eta Jon Gaminde Bizkaiko Dultzaineroak alkarteko kidea alkarrizketau doguz Herriz Herri saioan.

Gureak gogoan, katea ez hausteko ekimenagaz, Bizkaian gaitari balioa emotea gura dabe. Gaita-dultzainero esanguratsuak izan ziran herrietan erakusketak eta omenaldiak antolatuko dabez, euren lana ezagutzera emoteko. Omendutako musikarien errepertorioetako piezen bertsino eguneratuak interpretauko dabez, eta batzutan bakarka edo beste batzuetan akordeoi edota metalezko banda-instrumentakaz lagunduko dabez. Juan Bilbao mañariarraz gain, Patxi Bilbao, Juan Aiesta edota Teofilo Maruri omenduko dabez datozan asteetan.

Gureak gogoan, katea ez hausteko omenaldiak Bizkaian

  • Mañaria (maiatzak 12)    JUAN BILBAO ORTUOSTE
  • Dima (bagilak 01)    PATXI BILBAO ETXEBARRIA
  • Bedia (bagilak 16)    JUAN AIESTA URKIDI
  • Aulestia (bagilak 24)    TEOFILO MARURI “Pio Maruri” “Zesterue”
  • Zalla (abuztuak 01)    LUCAS SAINZ GOMEZ “Matxakito”
  • Zeanuri (abuztuak 15)    BASILIO eta ENRIKE ETXEBARRIA
  • Usansolo (urriak 26)    SIMEON IRAGORRI IZAGIRRE

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular